260 kilo inguru ditu 'Xanti Smith' aurtengo txerriak

Imanol Beloki Unamuno 2019ko abe. 12a, 15:54
'Xanti Smith' aurtengo santamasetako txerria Ibai Alberdi jabearekin.

Zaloña Aurrekoa baserriko Xanti Smith txerria izango da aurtengo santamasetako protagonista; hala ere, Arrasateko zenbait kultura taldek, Udalak eta Santamas Komisiñuek egitarau betea antolatu dute jaietarako, egubakoitzetik hasita.

Santamasetan egiten den azokaz eta ekitaldiez aparte, eguneko protagonista nagusia txerria izan ohi da urtero. Aurtengoaren izena Xanti Smith da, pietrain arrazakoa, eta 260 kilo inguru dituen sekulako urdea Aretxabaletako Galartza auzoko Zaloña Aurrekoa baserritik eroango dute Arrasatera. Laugarren urtez izango da baserri horretako txerria, eta bere aurkezpena abenduaren 21ean egingo dute, arratsaldeko zazpietan, Herriko Plazan. Horrekin batera, txerria ezagutzera eta txartelak erostera gonbidatu ditu herritarrak Santamas Komisiñuek.

Xanti Smith txerria pentsua jaten.

Artisautza tailerrak zapatuan

Euskal kulturaren parte garrantzitsua den nekazari mundua gertutik ezagutzeko aukera ere izango da beste urte batez, eta hala, izango da zer ikusi Jokin Zaitegi eta Biteri etorbidean izango den artisauen azokan, –guztira, 34 postu izango dira–.  Honekin lotuta, motorrak berotzen joateko, zapatu honetan,  Sandra Clivillek Kulturateko klaustroan eskainiko duen Artiletik Harira tailerra (10:00-14:00) eta Imanol Aranburuk Kulturateko Loramendi gelan eskainitako zeramika tailerrak (10:30-12:30) izango dira.

Azokaz gain, dantza nagusi

Seber Altube plazan ere izango da, beti bezala, fruten, barazkien eta herriko saltokien erakusketa eta lehiaketa; Arizmendiarrieta plazan, ganadu eta hegazti feria, eta dantzek ere protagonismo handia izango dute aurtengo jaietan. Izan ere, santamas egueneko herriko dantza taldeek eskainiko dituzten erakustaldiez gain, nahi dutenek dantzara irteteko aukera izango dute zapatu honetan, 13:00etan, Lore Gazteak eta Txikitxu taldeek antolatu duten borobileko dantza saio parte-hartzailean.

Miren Amurizarekin solasaldia

Egitarauko beste ekintzetako bat Miren Amurizarekin abenduaren 17an, martitzenean, izango den solasaldia da. Basa eleberriaren buruzko solasaldia eskainiko du, Ane Zuazubiskarrek gidatuta, eta Kulturateko areto nagusian izango da. 

Santamasetako egitaraua

Abenduak 13, egubakoitza

• 18:00 Plazan, umeentzako herri kirol jolasak.

• 19:00 Uarkapen, Santamas Pilota Txapelketako finalak.

Abenduak 14, zapatua

• 10:00-14:00 Kulturateko klaustroan, Artiletik harira tailerra.

• 10:30-12:30 Kulturateko Loramendi gelan zeramika tailerra Imanol Aranbururekin.

• 13:00 Herriko Plazan, borobileko dantza saio parte-hartzailea, Lore Gazteak eta Txikitxu taldeen eskutik. Ostean, Olentzeroren gutun banaketa.

• 19:30 Kajoi tabernan, Trikitixa Eskolako ikasleen ikuskizuna.

Abenduak 15, domeka

• 09:30 Musakolako kiroldegian, Santamasetako Padel Txapelketako finalak.

•11:00 Herriko kaleetan zehar, haurren santamas krosa.

• 12:30 Kuadrillen Arteko Santamas Krosa.

• 12:30 San Frantzisko elizan, Txorbela otxotearen kontzertua.

• 19:30 Amaia antzokian, Tanttakaren Utzi zure mezua seinalearen ondoren antzerkia.

Abenduak 17, martitzena

• 18:30 Kulturateko areto nagusian, Miren Amurizaren Basa liburuaren inguruko solasaldia, Ane Zuazubiskarrek gidatuta.

• 20:30 Amaia antzokian, Ozenki elkarteak antolatutako gala lirikoa.

Abenduak 20, egubakoitza

• 17:00 Erakusleiho lehiaketaren sari banaketa. •

19:00 Portaloitik hasita, Kantu Gira.

• 22:00 Gaztetxean, kontzertu akustikoak: Ekiñe Casado, Idoia Asurmendi, eta Lierni eta Asier.

Abenduak 21, zapatua

• 10:00 Corazon de Encina kultura zentroan, 31. Santamas Xake Txapelketa.

• 18:00 Seber Altuben, Herrixa Dantzan taldearen ikuskizuna.

• 18:30 Etxafuegoak.

• 19:00 Herriko Plazan, Xanti Smith txerriaren aurkezpena.

• 19:00 Arrasateko Erraldoi eta Kilikien Konpartsa.

• 19:30 Irurtzungo pertsonaia mitologikoen kalejira.

• 20:00 Amaia antzokian, bertso-saioa. Bertsolariak: Ane Labaka, Maialen Lujanbio, Amaia Agirre, Julio Soto, Jon Maia eta Arkaitz Estiballes. Gai jartzailea: Maite Berriozabal. AEDk antolatuta.

• 22:30 Gaztetxean, herriko taldeen kontzertuak: Bloom, Libertad Condicional eta Rebel Noise.

Abenduak 22, domeka

• 09:00 Etxafuegoak.

• 09:30 Udalaxpe txistulari taldearekin diana.

• 10:00 Jose Maria Arizmendiarrieta plazan ganadu eta hegazti feria.

• 10:00 Seber Altuben, fruta, barazki eta herriko saltokien erakusketa eta lehiaketa.

• 11:00-20:00 San Frantzisko elizan, Izartsua Arrasateko Belenzaleen Elkarteak antolatuta, jaiotzen erakustaldia.

• 10:00 Portaloian, Xanti Smith txerriaren aurkezpena.

• 10:30 Jokin Zaitegi plazan eta Biteri etorbidean, artisau feria.

• 11:00 Herriko Plazan, taloak eta Aramaioko sagardogileak.

• 11:30 Kalejira: Arrostaitz eta Lore Gazteak dantza taldeak.

• 11:30 Iturengo joaldunak.

• 11:30 Incansables txaranga.

• 11:30 Plazan, Arrasateko trikitilarien saioa.

• 12:00 Plazan, fruta eta barazki lehiaketaren sari banaketa.

• 12:10 Plazan, Lore Gazteak dantza taldearen saioa.

• 12:30 Zerkaostetan, Lore Gazteak beteranoen dantza saioa.

• 12:30 Zaldibarren, herri kirolak.

• 12:50 Herriko Plazan, Arrostaitz dantza taldearen saioa.

• 13:00 Seber Altuben, Lore Gazteak beteranoen dantza saioa.

• 13:45 Herriko plazan, txerri dantza herrikoia.

• 14:45 Musakolako kiroldegian, herri bazkaria. Ostean, AZ Gaubelak-en eskutik dantzaldia.

• 17:00 Uarkapen, profesional mailako pilota partiduak: Ezkurdia/Martija - Artola/Imaz.

• 19:00 Arbolapetatik hasita, Batzen dantza herrikoiak.

• 19:30 Plazan, txerri dantza herrikoia.

• 19:30 Plazan, larrain dantza.

• 20:00 Plazan, txerri zozketa.

• 20:00 Plazan, Ilargi Beltza taldearen dantzaldia.

• 23:00 Gaztetxean, Virgin Mari DJ-SET.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak