Liburua hasieratik bukaerara sortu du familiak. Elkartu eta mapa bat prestatu zuten hasteko, pertsonaiak deskribatu eta bozetoak egin zituzten gero, historia idatzi ondoren, eta gertaeren irudiak marraztu zituzten segidan. Dinamika ondo ikasi zuten lehenengoarekin, eta parekoa izan da bigarrenean ere. Sormena lantzeko bide ona dela nabarmendu du Ander Errastik, eta baita haurrak hobeto ezagutzeko ere: "Pertsonaiei eurek gehitu dizkiete ezaugarriak; eurek nahi zuten modukoak dira".
Hiru hizkuntzatan
Alabak hala eskatuta, oraingoan emakume bat da protagonista: Etiam. Eraso egingo diote Etiamen Aragreb herriari. Neskatilak, ordea, itsasontzi bat atonduko du herritarrekin batera eta aurre egingo die piratei. Euren izenei buelta erdi emanda sortu dituzte pertsonaien izenak, eta toki ezagunei buelta erdi emanez gertakarienak. Hiru hizkuntzatan –euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez– irakurri daiteke istorioa. "Hiru hizkuntzak nahastu ditugu. Berez, 8 eta 9 urte bitartekoei bideratuta dago, baina ingelesa ikasteko baliagarria da 11 urteko gaztetxoendako ere".