Garagartzako garbitokian egokitzapenak egingo ditu Udalak

Amaia Aranegi 2019ko abe. 9a, 15:52

Urte batean garbigunean egiten den ur kontsumoaren batez bestekoa 2 milioi litrokoa da. Hori horrela izanik, Arrasateko Udalak hainbat egokitzapen egingo ditu bertan, herritarrek ur kontrolaren inguruko kontzientzia hartu dezaten.

Garbitokia jasangarriagoa izateko asmoz, gaur egungo mangera zaharrak kendu eta berriak jarriko ditu Udalak. Era berean, ur kontsumoa neurtu eta arautzeko sistema ere jarriko du martxan.

Sistema hau erabili ahal izateko, ezinbestekoa izango da Arrasaten erroldatuta egotea eta Mankomunitatearen txartela izatea –organikoaren eta errefusaren edukiontzia zabaltzeko txartela–. Txartel hori BAZen aktibatu beharko da lehendabizi.

Era berean, erabiltzaile bakoitzak hileko litro kopuru mugatua izango du ibilgailua garbitzeko, hain zuzen 2.500 litro.

"Ur kontsumo neurrigabea"

Gaur egun Garagartzako ibilgailuen garbitokia irekia da. Zazpi mangera daude, ibilgailua garbitzeko edonork erabil ditzakeenak. Erabilera ireki horrek, ordea, "erantzukizun gabe jokatzea dakar", Udalaren esanetan, eta "ur kontsumo neurrigabea" sortzen du. Izan ere, urte batean garbigunean egiten den ur kontsumoaren batez bestekoa 2 milioi litrokoa dela ohartarazi du Udalak.

Azken urtean (2018an), esaterako, 2.151.000 litro ur kontsumitu ziren eta 2017an, 2.054.000 litro. Horren arabera, hilero egiten den ur kontsumoaren batez bestekoa 180.000 litrokoa da eta aurten, jada, azken hiru-hileko ur kontsumoa 576.000 litrokoa izan da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak