Santa Marinan eta Jose Luis Iñarran hobekuntzak

Xabi Gorostidi 2019ko abe. 4a, 17:18

725 herritarrek eman dute botoa 2019ko aurrekontu parte hartzaileetan eta bi leku horietako hobekuntzak izan dira boto gehien jaso dituztenak. Horiez gain, bidegorrian komun publikoak jarriko dituzte, 250.000 euroko aurrekontua gainditu arren.

Arrasatearrek erabaki dute jada zertara bideratuko diren Udalak euren proposamenetarako jarritako 250.000 euroak. 2019ko aurrekontu parte hartzaileetan 113 proposamen egon dira aukeran, eta azaroaren 24ra arte zabalik egon den prozesuan 725 herritarrek eman dute botoa, gustukoen hiru proposamenen artean zortzi puntu banatuz: lehenari bost, bigarrenari bi eta hirugarrenari bat. Eta, kasualitatez, hiru izango dira aurrekontu horren baitan Udalak 2020an zehar egingo dituen esku hartzeak.

Jose Luis Iñarra

Musakola auzoa eta Monterron parkea lortzen dituen Jose Luis Iñarra pasealekuan hobekuntzak egitea izango da horietako bat. Hango espaloiak konpontzea eta jolas-parkea berritzea izango dira zeregin zehatzak. Hori zen herritarrek proposatzen zuten esku-hartzea, eta, proiektuaren bideragarritasun teknikoa aztertu ostean, 100.000 euro bideratuko dituzte hobekuntza lanak gauzatzeko.

Santa Marina

Auzo garai horretako egokitzapenak izan dira babes gehien jaso duten beste proposamen bat. Gune atseginagoa izateko asmoz, bertako pilotalekua, haur parkea, espaloiak eta bideak hobetzea zen, besteak beste, herritarrek proposatzen zutena. Hala, proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertu ostean, Arrasateko Udalak 35.000 euro jartzea erabaki du aipatutako hobekuntzak egiteko.

Komunak bidegorria

2018an hiru proiektu irten ziren aurrekontu parte hartzaileetatik, eta aurten ere halaxe izango da. Hirugarren egitasmoa bidegorrian komun publikoak jartzea izango da, nahiz eta ez duten zehaztu zein bidegorri zatitan jarriko dituzten zehazki. Beste bi proiektuek 135.000 euro hartuko dituztenez, gainontzeko 115.000 euroak komunak jartzera bideratuko dituzte.

Parte hartzea, gora

Aurtengo aurrekontu parte hartzaileetan botoa emateko epea ireki zen egunean prentsa agerraldia egin zuten udal ordezkariek. 2019an herritar gehiagok botatzeko erronka aipatu zuten bertan, eta hori lortzeko botoa fisikoki emateko gune batzuk jarriko zituztela iragarri zuten. Ahalegin horrek fruituak eman ditu, eta lehen edizioan baino boto 74 boto gehiago jaso dituzte: 184 gune fisikotan (%25) eta 541 udal webgunean (%75).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak