Atzo jokatu zen txapelketa, Zaldibarko Olazar pilotalekuan, eta guztira sei bikote aritu ziren nor baino nor. Arzelus eta Plazaola azkenak izan ziren oholtzara igotzen, baina presioak ez zituen kikildu.
Plazaola eta Arzelus, txapelak buruan jantzita.
"Azkena irteteak presio gehigarria dakar. Urduri zaude zure txanda heldu arte, eta horrez gain, gainontzekoek eman duten mailaren jabe zara". Baina presioa ondo kudeatu, eta saio borobila egin zuten biek ala biek. Honela geratu zen sailkapena:
- Irati Arzelus eta Mirari Plazaola (132,35 puntu).
- Ane Etxezarreta eta Sara Iriarte (132,1 puntu).
- Araitz Etxaniz eta Enaitz Alberdi (119,5 puntu).
- Ianire Segurola eta Elaia Diaz (114 puntu).
- Eider Garro eta Araitz Elizalde (110,7 puntu).
- Julen Labaka eta Garazi Larrañaga (109,45 puntu)
"Oso-oso gogor entseatu dugu, batez ere azken astean zehar, eta poz-pozik gaude jasotako emaitzarekin". Lazkao eta Arrasate artean aritzen dira txandaka entseatzen, horrek dakarren esfortzu logistikoarekin. Baina atzo pilatutako txapelekin egindako ahalegin guztiak merezitakoak izan direla frogatu dute. Aurrera begira, 2020ko martxoan Lazkaon egingo den txapelketa dute begiz jota.