Aurkeztu dituzte 2019ko Arrasateko Akordeoi Lehiaketak, abenduaren 6tik 8ra bitartean Gipuzkoako eta Nazioarteko soinu-jole trebeenak Arrasatera erakarriko dituena. Nazioarteko Txapelketan puntako 10 soinu-jole arituko dira, Gipuzkoako Lehiaketan 30 eta Gipuzkoako Jaialdian, aldiz, 270. Zifra "borobilak eta potoloak", Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi Elkarteko presidente Aitor Furundaren iritziz.
Nazioarteko Lehiaketan ekialdeko Europako partaideak dira presentzia gehien dutenak: Marija Antunovic serbiarra, Maryia Arol bielorrusiarra, Jakub Gasior poloniarra, Lisa Heute frantziarra, Jaroslav Irovic serbiarra, Pawel Janas poloniarra, Ratoi Radu moldaviarra, Aleksander Stachowski poloniarra, Sini Strom finlandiarra eta Djorde Vasiljevic serbiarra.
[Lehiaketetako partaideei eta kontzertuei buruzko xehetasun guztiak jakiteko, egin klik hemen]
Hala ere, nazioarteko lehiaketaren distira eta oihartzunaren gainetik, Gipuzkoa Lehiaketaren eta Jaialdiaren garrantzia azpimarratu nahi izan du Furundarenak.
Kontzertuak Amaia Antzokian eta Kulturaten izango dira, baina baita Arizmendi Ikastolan eta Aita Menni ospitalean ere. Aita Mennikoa, abenduaren zazpian egingo dute, 12:00etan, eta bertan iazko irabazle Samuele Telarik joko du.
Urtero legez, SUDC elkarteko lagunak artiuko dira parte hartzaileei eta epaimahaikideei jaten ematen, bertako jakiak eta elkarte gastronomikoen tradizioa bisitariei transmititzen. Zentzu horretan egiten duten lana eskertu nahi izan die Maria Ubarretxena alkateak.