Zuzeneko marrazketa saioa martitzenean

Amaia Aranegi 2019ko aza. 29a, 10:36

Dzirt-dzart saio batean komikigileek egindakoa

Dzirt-dzart izeneko zuzeneko marrazketa saioa Arrasatera helduko da abenduaren 3an. Arratsaldeko zazpietan, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan, Alazne Zubizarreta eta Julen Ribas artista arrasatearrak zuzenean marrazten ikusteko aukera egongo da.

Komikiguneak antolatu duen udazken honetako bigarren Dzirt-dzart saioa Arrasaten izango da, Arrasateko Bibliotekaren lankidetzarekin. Bertan, Alazne Zubizarreta eta Julen Ribas artista arrasatearrak parte hartuko dute, eta Iraitz Agirre aurkezle lanetan arituko da. Irailean Usurbilen egin zen marrazketa saio hori eta udazkenean Arrasaten egiteko proposatu zioten Bibliotekari; honela dio Arrasateko Bibliotekako langile Asun Agirianok. "Komikiguneko kideek saio hau Arrasateko Bibliotekan egiteko proposatu ziguten. Guk geuk komikiaren inguruko saioak egin izan ditugu eta gurekin kontaktuan jarri ziren ekintza hau antolatzeko. Ideia ona iruditu zitzaigun eta Arrasateko artistak bilatzen hasi ginen". Hain zuzen ere, Alazne Zubizarretak erakusketetan parte hartu izan du eta Julen Ribas komikigile sendoa da, komiki ugari argitaratu izan ditu. Horregatik, bi artista horiek batzea erabaki zuten, Iraitz Agirreren esanetara marrazten aritzeko.

Saioaren dinamika

Saio berritzaile honen dinamika bertso saio baten antzerakoa izango da: Iraitz Agirrek gai desberdinak jarriko ditu eta Zubizarreta eta Ribas bat-batean marrazten arituko dira. Ariketa bitxiak burutzen jarriko dituzte artistak: minututan neurtutako ariketak, batak bestearen atzetik komikia osatuz segidilla baten gisan, eta abar. Izan ere, saioa ohiko formatuan egingo den arren, saio bakoitzak izatez dakarren freskura nagusi izango da honako honetan ere. Hainbat ariketa egin beharko dituzte eta gerturatuko den publiko gazte eta helduaren parte hartzea sustatuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak