Erabiltzen ez den jostailua beste batengatik trukatzeko aukera, hamaseigarrenez

Xabi Gorostidi 2019ko aza. 28a, 18:02

Jostailu truke merkatua antolatu du Txatxilpurdik abenduaren 14rako. Atzo hasi ziren jostailuak batzen eta hala jarraituko dute abenduaren 12ra arte. Jostailuak egoera onean eta osorik egon beharko dira eta jostailu bakoitzeko txartel bat jasoko dute, abenduaren 14an beste opari batengatik trukatzeko.

Txatxilipurdi Elkarteak, urtero garai honetan egiten duen bezala, aurtengoan ere Jostailu Truke Merkatua antolatuko du etxeetan pilatzen zaizkigun jostailuei berrerabilpena eman ahal izateko.

Gabon garaian, Olentzerok jostailu pila oparitzen ditu eta urtetik urtera jostailuak pilatzen joaten dira etxeetan. Sarri oso gutxi erabilitako jostailuak aurkitzen ditugu garbiketa egiten hasten garenean eta berriz jolasteko gogoa sartzen zaigu; Beste batzuetan aldiz, adinean gora egin ahala aurrez oparitutako jostailuak gehiago ez ditugula erabiliko ohartzen gara; Badira baita ere, ilusioz eskatutako jostailuak baina etxean izatean interesa galtzen dutenak …

Jostailu guzti hauei irtenbidea eta berrerabilpena eman nahian sortzen da Jostailu Truke Merkatua egitasmoa 2003. urtean. Geroztik, trukearen balioaz ohartarazteko, berrerabilpena bultzatzeko, kontsumoa murrizteko, jostailu ezberdinak ezagutzeko, euskaraz elkarrekin jolasteko … eta beste hainbat balore transmititu nahian jarraitzen du Txatxilipurdi Elkarteak ekimenarekin.

Aurtengoan ere, iritsi da jostailuak jasotzen hasteko eguna, beraz, eman begirada bat etxeko jostailuei eta erabiltzen ez dituzuenak Txatxilipurdik jarriko dituen bilguneetara ekarri abenduaren 14an erabiliko dituzuen beste jostailu batzuengatik trukatu ahal izateko.

Bihar hasita egun eta gune hauetan jasoko dira jostailuak:

  • Azaroaren 27an Santamarinako ludotekan
  • Azaroaren 28an San Antolingo parkean
  • Azaroaren 29an Santamarinako parkean
  • Abenduaren 2an Arimazuri plazan
  • Abenduaren 3an Usaetxeko ludotekan
  • Abenduaren 4an Arimazuri plazan
  • Abenduaren 10ean Herriko plazan
  • Abenduaren 11n Zebero/Biteri plazan
  • Abenduaren 12an Herriko plazan

Egoera onean eta osorik egon beharko dira eta jostailu bakoitzeko txartel bat jasoko duzue. Zenbat eta jostailu gehiago orduan eta txartel gehiago. Abenduaren 14an pertsona bakoitzak lehen orduan bi txartelekin beste bi jostailu aukeratzeko beta izango du. bi Txartel baino gehiago izanez gero, gainontzekoak bigarren orduan trukatu beharko ditu. Parte hartzaile guztiek gustuko 2 jostailu gutxienez hartzeko aukera eskaini nahi dugu neurri honekin. Aurrez aipaturiko egunetan jostailuak jasotzeko ordutegia hauxe izango da: eguerdiko 12:00etatik 13:30etara bitartean Txatxilipurdin eta arratsaldez, aipaturiko guneetan 17:00etatik 18:30etara bitartean. Beraz, bihar arratsaldean Santamarinako ludotekan jasoko dira.

Abenduaren 14an Jostailu Truke Merkatua Biteri plazan izango da 11:30-13:30 bitartean. Bertan txartelekin jostailuak eskuratzeko aukera egongo da. Bestalde, egunean bertan norbaitek jostailuren bat eramango balu trukatu nahian eta momentuan jostailua osorik eta egoera onean dagoela ziurtatzeko aukera ematen badu, trukea egiteko aukera izango du. Ordu eta gune berean, elementu naturalekin jostailuak sortzeko eta jolasteko tailerra egongo da parte hartu nahi duen ororentzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak