Egubakoitzean izango da Santa Zezilia eguna, musikarien zaindariaren eguna, eta urtero legez, Arrasate Musikaleko bandak kontzertua eman du haren omenez. Azken urteotan bezala, San Frantzisko Elizan izan da emanaldia, eta musikazaleek goraino bete dute.
Klasikotik hasi eta doinu modernoagoekin bukatu den emanaldia izan da. Hala, Calahorra pasodoblea eta Tambor de ganaderos zarzuelako pieza bezalakoekin hasi da kontzertua, eta Wagner-en Tannhäuser obrako doinu indartsuekin jarraitu dute. James Bonden pelikuletako soinu banda eta Glenn Miller musikariaren konposizioak izan dira azken zatia osatu dutenak. Asmoa zen kontzertuaren aurretik musikariek kalejira bat egitea Arrasate Musikalen ereserkia joaz; eguraldiagatik bertan behera geratu da hori, baina ereserkiarekin amaitu dute gero emanaldia.
Azaroaren 22an, gehiago
Santa Zezilia egunean bertan, Arrasate Musikaleko Banda gazteak eta eskolako Gaiteroak kalejira bat eskainiko dute 17:30etatik aurrera herriko kaleetan zehar.