1994an sortu zenetik, asko eta asko izan dira Arrasateko Goikobalu Txiki abesbatzako kide izan diren herritarrak, eta horren adibide izan da gaur Arrasateko Kulturateko klaustroan eskaini duten kontzertua. Izan ere abesbatzak 25 urte hauetan zuzendari izan dituen Anuska Ezkurraren, Rakel Murgiondoren eta Maialen Gonzalezen gidaritzapean, egungo eta garai bateko kideak izan dira kantari.
Batzuetan adinaren arabera bananduta eta beste batzuetan denak batera, Gabon izar eder, Xalbadorren heriotzean, Imagine, Siyahamba, Do re mi eta Txoriak txori bezalako doinuak abestu dituzte. Eta entzuleen txalo zaparradek argi utzi duten moduan, garai batean ibilitakoek erakutsi dute ez dutela ikasitakoa ahaztu; eta egungoek, azkar ikasten dutela.