Goikobaluren harrobia izateko asmoarekin jaio zen, 1994an, eta gaur egun indartsu jarraitzen du Goikobalu Txikik.Aurten 25 urte betetzen dituzte, eta ospatzeko, Goikobalu Txiki osatzen duten eta osatu izan duten abeslariak elkartuko dira emanaldi hunkigarria egiteko. Abesti zerrenda luze batetik aukeraketa bat egin eta estilo eta garai desberdinetako abesti berezienak abestuko dituzte. Zuzentzeko makila eskuz esku pasako da. Izan ere, garaika antolatu dute ibilbidea eta garai bakoitzeko zuzendariak hartuko du zuzendaritza lana.
Abeslari ohiak, gogotsu
25 urte hauetan Goikobalu Txikiren parte izan diren asko bueltan izango dira zapatuan. Irail hasieran hasi ziren beraiekin kontaktuan jartzen eta ilusio handiz jaso zuten berria. "Kontzertu bat egiteko asmoa zutela esan zidatenean, oso pozik jarri nintzen", dio Iraitz Gutierrezek. Bi hilabete egon dira entseguetan murgilduta eta kantuen tartean bizipen desberdinak gogorarazteko denbora ere izan dute. "Taldeko kideekin berriz ere egoteak oroitzapen oso onak ekarri dizkit. Batez ere, egindako bidaiak gogorarazi ditugu, momentu politak izan ziren. Nik, bereziki, Bartzelonara egin genuen bidaia gogoratzen dut. Euskal Etxean abestu genuen; oso berezia izan zen". Alaiñe Olabarriak unibertsitateko ikasketak hasi eta kanpora joan zenean utzi behar izan zuen Goikobalu, eta oso gogotsu dago zapatuko kontzerturako: "Asko gustatzen zait abestea eta Goikobalu berezia da niretzat. Abesti gehienak gogoan nituen, eta zapatuan asko disfrutatzea espero dut".