"Trantsizioko" denboraldia izango da Arrasate errugbi taldearena

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko aza. 14a, 16:29

Batzar orokorrean egondako hainbat bazkide. (Argazkia: Isei Barbero)

Urteko ohiko batzar orokorra egin du aste honetan Arrasate Errugbi Taldeak, eta kirol zein diru kontuak izan dituzte hizpide, besteak beste. Baita datorren maiatzean izango diren hauteskundeak ere.

Kirol kontuei dagokienez, lehen taldeak burututako denboraldia izan dute mintzagai, eta aipatu dute "lan asko egin eta gero" ezin izan ziola mailari eutsi. Zentzu honetan, "trantsiziokoa" bezala definitu dute denboraldia, "18 urtez azpiko kategoriatik igotako jokalari ugarirekin eta baita entrenatzaile berriarekin ere". Helburua berriz Euskal Ligako Lehen Mailara igotzea dela azpimarratu dute eta harrobi mailan egindako lana ere goraipatu du zuzendaritza batzordeak. Baita erakartze kanpainek nahi beste arrakasta eduki ez izanda ere, errugbia herritarrengana gerturatze aldera lanean jarraitzeko prestutasuna adierazi.

Arlo ekonomikoari begira, egungo egoera ekonomikoa "egonkorra" dela definitu dute: "Diru-sarrerak iazkoen antzekoak izan dira, dirulaguntzetan ez baita igoerarik izan, eta gastuen kasuan ere ez da aldaketa handiegirik egon; igoeraren bat, agian". Diru-sarreretan ikasturte honetan ere Garagardo Azoka klubaren diru-iturri nagusienetakoa izatea aurreikusten dute.

Bestalde, datorren maiatzean hauteskundeak egingo ditu ARTk; apirilean jarriko dute martxan prozesua. Ane Agirre egungo presidenteak ez du baztertu karguan jarraitzea: "Betiere, lan-talde baten babesarekin".

Asteburuari begira, domekan Iruñearen kontra jokatuko du ARTk Mojategin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak