Bi aste aurretik, 250.000 euro nora bideratu erabakitzeko

Xabi Gorostidi 2019ko aza. 12a, 09:19
Jon Eguren, Anuska Ezkurra, Igor Urizar eta Maider Morras, atzoko prentsa agerraldian.

Arrasatearrek hilaren 24ra arte dute aukera aurrekontu parte hartzaileetako proiektu gustukoenak aukeratzeko. Guztira 113 proposamen daude aukeran eta 18 urtetik gorako arrasatearrek horietako hiru aukera ditzakete; gustukoenari 5 puntu, bigarrenari bi eta hirugarrenari bat. Aurten, berritasun gisa, sei botaketa gune jarri dituzte herrian zehar. 

Herritarrek proposatutako proiektuetara 250.000 euro bideratuko ditu Udalak bigarrenez, eta horiek aukeratzeko parte hartze prozesua martxan dago. Hala, azaroaren 24ra arte, 113 proiekturen artean hiru gustukoenak aukeratu ahalko dituzte. Iaz egin ziren lehen aurrekontu parte hartzaileak, eta bertatik atera ziren Txikitxikoa, bizikletak garbitzeko gunea edo Erguingo igogailu proiektua idazteko ekimenak, besteak beste.

Atzo egin zuten aurtengo aurrekontuen aurkezpena. EAJko Anuska Ezkurra, EH Bilduko Maider Morras, Elkarrekin Arrasateko Igor Urizar eta Udal webgunea kudeatzen duen Jon Eguren izan ziren bertan. Ekimenak Udaleko alderdi guztien babesa du, baina alderdi sozialistak ordezkariek ezin izan zuten atzoko agerraldian parte hartu. Ezkurrak adierazi zuen iazko ekitaldian "parte hartze handia" egon zela proposamenak egiteko orduan –352 proposamen jaso zituzten–, baina "ez hain handia" botatzeko orduan. Hori dela eta, atzo ireki zen botaketa fasean parte hartzera gonbidatu zituzten herritarrak, eta hori errazteko sei botaketa gune jarriko dituzte aurten: BAZ, Kulturate, Musakolako kiroldegia, Santa Marinako liburutegia, Etxaluze erretiratuen etxea eta Gazte Bulegoa. Hala, astean lau egunez, udal langile bat egongo da gune horietan, ordenagailu batekin, herritarrei botoa emateko prozesuan laguntzen. Hona hemen, aurrez aurreko botoa emateko ordutegiaren taula:

Aurrez aurreko botoaz gain, udal webgunean ere eman ahalko da botoa. Esan bezala, beharrezkoa izango da 18 urtetik gora edukitzea –2019ko azaroaren 11ko datarekin– eta Arrasaten erroldatuta egotea. Norbere NAN zenbakia eta jaiotze data finkatu ostean, hiru proposamen gustukoenak aukeratu beharko dira: lehenari bost puntu, bigarrenari bi eta hirugarrenari hiru. Balidatu aurretik, puntuen banaketa aldatu nahi izanez gero, aukeraketa desegin eta berriz egitea da gomendagarriena. 

113 aukera

Iazko ekitaldian 101 proposamen geratu ziren egin gabe, eta aurten berriz botatu ahalko dira. Horiez gain, beste hamabi proposamen berri egin dituzte aurten arrasatearrek, eta guztira, beraz, 113 aukera egongo dira botatzeko. Aukeraketa errazteko, gaika sailkatu dituzte –19 guztira–, eta baita proposamenen kostuaren arabera ere. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak