Los Clayton zapatuan bigarrenez gaztetxean

Amaia Aranegi 2019ko aza. 8a, 09:28
Los Clayton taldeko bost kideak

Bihar, zapatua, azaroak 9, gaueko hamar eta erdietan hasita, kontzertuak eskainiko dituzte Arrasateko gaztetxean; hain zuzen ere, Los Clayton, Discipulos De Dionisos eta DJ Ikimuri izango dira taula gainean zuzenekoak ematen.

Los Clayton-ek zabalduko du zapatuko gaua, Aramaioko eta Arrasateko talde gazteak. Mikel (baxu-jotzailea), Jokin (abeslaria), Mattin (gitarrista), Peio (gitarrista) eta Manex (bateria-jotzailea) dira talde honen kideak. Duela bi urte hasi zuten ibilbidea eta Mikelek dio ustekabean hasi zirela: "Lagun talde bat gara eta proiektu hau talde bat sortzeko asmorik gabe hasi zen. Lokalean ordu asko ematen genituen eta poliki-poliki serio hartzen hasi ginen. Baina dena asperkizunetik hasi zen". Taldeak poliki hasi nahi izan zuen eta lehenengo urtean abestiak egiten eta entseguak egiten jardun zuten, kontzerturik eman gabe. "Ez genuen presaka eta zuzenean hasi nahi. Lehenengo urtean abestiak egiten, lantzen eta entseguak egiten egon ginen. Gero, kontzertuak eman genituen lau hilabetez". Aurreko urtean, abeslaria Poloniara joan zen eta bertan behera utzi behar izan zuten taldea. Udan bueltatu zen eta geroztik berriro hasi dira kontzertuak ematen. "Nahiko bitxia izan da taldearen bilakaera. Baina udan abeslaria bueltatu zenetik gogor ari gara berriz ere".

Rock estiloa

Rock, blues eta punk ukituak dituen musika egiten dute. Rock-and-roll estiloan finkatzen dituzte euren abestiak. 80ko hamarkadako estilora jotzen dute, euren erreferenteak garai hartakoak dira eta taldeko kide guztiek dute estilo hori gustuko. Kontzertuetan, bertsioak abesteaz gainera, euren abestiak ere jotzen dituzte: "Hasieran, gure lau abestirekin eta bertsio askorekin hasi ginen. Gaur egun, bederatzi abesti propio eta beste bost bertsio jotzen ditugu; eta horietako gehienak gureak dira".

Gaztetxean kontzertua

Arrasateko gaztetxean kontzertua eskaintzea aukera paregabea da talde gaztearentzat. Aukera hau eskaini zieten momentutik pozik daude taldekideak. Bigarrenez joko dute gaztetxean, baina zapatukoa berezia izango dela dio Mikelek. "Guretako, kristoren plazera da: batetik, gaztetxean jo behar dugulako; eta bestetik, ezagutzen eta izena duen talde batekin agertokia partekatu behar dugulako".

Etorkizunari begira

Etorkizunari begira lanean jarraitzeko asmoa dauka taldeak. Abesti berriak sortzea eta posible den momentuan disko bat ateratzea da euren helburua. "Ez dugu hain gertuko proiektu bezala ikusten, lan asko egitea eskatzen duelako. Baina momenturen batean geldialdi bat egongo dela pentsatzen dugu, kontzertuak emateari utzi egingo diogu eta lanean jarriko gara horretan". Hurrengo kontzertua azaroaren 22an izango dute, Aretxabaletako Ezkutu tabernan. Legazpiko John Dealer And The Coconuts taldearekin batera joko dute. "Gure estilo antzekoa daukate, erreferente dira guretako, eta garrantzitsua da".  Aramaion jaiotako talde hori astean behin biltzen da entseguak egiteko. Ikasketengatik eta lanarengatik zaila egiten zaie guztiak elkartzea, baina gutxienez astean behin Aramaion duten lokalean elkartzen saiatzen dira. "Astean zehar elkartzea zaila egiten zaigu. Kontzerturik aurreikusita ez badaukagu, astean behin batzen gara. Kontzertua edukitzekotan, berriz, astean bi aldiz elkartzen gara". Los Clayton taldea gogor ari da lanean biharko kontzerturako: 22:30ean hasiko da, Arrasateko gaztetxean.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak