Aba Taano boskote ugandarra oholtza gainean ikusteko aukera izango da bihar. Hazi ziren umezurztegian musika euren bizibide bihurtu duten bost gaztek osatzen dute taldea: denek ere ibilbide artistiko oparoa dute, eta nazioarteko bederatzi sari irabazi dituzte elkarrekin abestuz.
Elkartasun kontzertua emango dute, eta bildutako dirua Mundukidek martxan jarri berri dituen programetara bideratuko dute. Hain zuzen, bi hamarkada daramatza fundazioak komunitate eta pertsonen garapen sozioekonomikoan eragiten, eta datozen hiru urteetan Brasilen eta Mozambiken, pobretuenen artean, lanean jarraitzeko baliatu gura du emanaldian bildutakoa. Horretaz gain, Goikobalu Txiki abesbatzako haurrek gospel taldearekin kolaboratuko dute emanaldiaren amaieran.
Sarrerak Amaia antzokian eta www.arrasate.eus webgunean eskuratu daitezke, 10 eurotan.