Helburu on baten alde, bibotea uzteko gertu

Xabi Gorostidi 2019ko urr. 30a, 17:05

Mondravember taldeko kideek zorroztuta dituzte artaziak azaroak iraun bitartean bibote elegantea edukitzeko. Azken urteetan legez, gizonezkoei eragiten dieten gaixotasunen aurka dirua batzen ahaleginduko dira hainbat ekintzaren bitartez.

Askori, jada, ezaguna egingo zaie Movember mugimendua, baina norbaitek ezagutzen ez badu, honela definitzen dute euren burua: "Nazioarteko ongintzazko erakundea da Movember, gizonezkoen bizitza alaiagoa, osasungarriagoa eta iraunkorragoa izatea helburu duena". Mugimendua 2003an sortu zen, eta ordutik, barrabiletako minbiziarekin, buruko gaitzekin eta jarduera fisiko gabeziarekin lotutako hainbat ikerketa finantzatu dituzte.

Arrasateko bibotedunak

Arrasateren kasuan, duela lau urte hasi ziren Movember mugimenduarekin bat egiten. "Lehen bi urteetan hainbat lagun aritu ginen, baina izen propiorik gabe. Lehen ekitaldi haietan, 400 euro inguru batu genituen, eta batutako guztia Movember plataformara bidali genuen. Baina diru hori ez dakizu konkretuki zertan erabiliko den, eta nahiago genuen diru hori jasoko zuen erakundea guk geuk erabakitzea. Hala, iaz, lehen aldiz, Mondravember bezala funtzionatzen hasi ginen".

Iaz ateratako familia argazkia. (Argazkia: Mondravember).

Iaz, parte hartzeak eta batutako diruak gora egin zuten. 35 lagun inguruk egin zuten ekimenarekin bat, eta aurreko urteetan baino hiru aldiz diru gehiago batzea lortu zuten.

Ekintza ugari, elkarlanean

Aurten, hazten segitzeko asmoz, ekintzaz jositako egitaraua prestatu dute Mondravemberkoek; horietako asko, herriko elkarte eta dendekin elkarlanean. Gaur, adibidez, King's ile-apaindegian moztuko dituzte biboteak, eta bertako ugazabak doan egingo du lan hori. Horrez, gain, IbaiArterekin adostu dute komertzioen ateetan biboteak jartzea, jendeak Movember aldia martxan dagoela jakin dezan. Barikuan, Mojategin egongo dira Mondra eta Amaikak Bat taldeen arteko neurketan, sarrerako dirua batzen, eta baita tabernan lanean ere. Hala, egunean batutakoaren %50 emango die Mondra taldeak, eta euren kabuz 3.000 errifa saltzeko asmoa ere badute. Azaroaren 16rako, egun-pasa antolatu dute Bergarako Movember taldearekin batera Elorregin, eta kirola eginez bertaratuko dira bi herrietako bibotedunak: bizikletan, oinez, takarraran eta baita patinetan ere.

Iaz, 1.200 euro

Iaz, azaroan, txartelak salduz 1.200 euro batu zituzten Mondravemberkoek. Hala, kopuru hori CIC Biogune kooperatibara bideratu zuten, bertako ikerlari Arkaitz Carracedok prostata minbiziaren aurka egiten ari den ikerketan erabiltzeko.

Biboteak kendu ostean, CIC Biogunen diru ekarpenak egiten.

Egitaraua

  • Azaroak 1, barikua
    • Mojategin egongo dira, Mondraren partiduan. Sarrerako dirua batzen eta tabernan zerbitzatzen arituko dira, eta Mondrak batutako diruaren erdia emango die.
  • Azaroak 16, zapatua
    • Elorregin egun pasa egingo dute Bergarako Movember taldearekin batera. Kirola eginez bertaratuko dira bi herrietako bibotedunak.
  • • Azaroak 27, eguaztena
    • CIC Bioguneko Arkaitz Carracedo ikerlariak eta Markel Irizar txirrindulari ohiak Minbiziaren lehena eta geroa izeneko hitzaldia egingo dute: 18:30ean, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan.
  • Azaroak 30, zapatua, Mondravember eguna
    •  08:30: Kurtzetxikira mendi irteera.
    •  12:00: Herriko Plazan elkarretaratzea eta Mondravember familiaren talde-argazkia. Ostean, triki-poteoa alde zaharrean.
    • 14:30: Lagun bazkaria, Txalaparta elkartean. Txartelak erosteko azken eguna: azaroak 15.
    • 17:00: Umeentzako puzgarriak Seber Altube plazan.
    • 19:00: Letagin eta Los Corcones musika taldeen kontzertuak, Seber Altube plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak