MUk lan bikoitza du zubian, eta, gainera, ligako oilarren kontra

Xabier Urtzelai 2019ko urr. 30a, 18:27
Mikel Atxa, joan den domekako garaipenean.

MU asteburuan parekatuko da ligan norgehiagoka bat gehiago jokatu duten kontrarioekin; horretarako, zuri-moreek bi partidu jokatu beharko dituzte jarraian, eta, gainera, kontrario gogorren kontra. 

Orain arte, Solares, Pas Pielagos eta Easo Loquillo taldeak dira jokatu dituzten lau partiduak irabazi dituztenak –Arrasatekoek hiru jokatu eta hirurak irabazi dituzte–. Hala, bihar, egubakoitza, Solaresen kontra jokatuko dute Kantabrian, eta domekan Easoren bisita izango dute Iturripen (18:30): "Partidu zailak izango dira biak. Hasteko, domekako partiduan pentsatzen hasi aurretik, lehenengo, Solaresen kantxara joan behar dugu garaipen bila, eta liderrak dira; horrenbestez, ez da erraza izango", adierazi dio GOIENAri aste barruan Iñaki Ogarak. Eta ondoren, ia atseden barik, gipuzkoarren arteko derbia izango da Iturripen.

Kostatako garaipena

Aipatu moduan, zuri-moreek ondo hasi dute liga, partidu guztiak irabazi dituzte eta. Azkena 91-69, Filipenses taldearen kontra: "Baina markagailuko aldeak ez du erakusten kantxan gertatutakoa. Izan ere, partiduko lehenengo hiru laurdenetan zailtasun handiak izan genituen talde horren kontra. Defentsan planteamendu zehatz batekin kantxaratu ginen, euren mugimendu finkoak apurtzea zelako helburua, baina horrek kantxan jokoa asko zabaltzea ekarri zuen, eta min egin ziguten. Lehen bi laurdenetan nahi eta ezin ibili ginen, hainbat aldaketa egin eta garaipenaren bidea aurkitu genuen arte. Lan handia egin behar izan genuen irabazteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak