"Ekimenaren helburua gazteriaren partaidetza sustatzea da, eskubide osozko herritarrak bezala jokatu dezaten. Aldi berean, politikari eta erabaki hartzearen arduradunekin interakzioa, harremana eta ekimenak partekatzea sustatu nahi da", azaldu du Eider Mendoza diputatuak.
Institutuko lehen eta bigarren Batxilergoko 40 ikasle ingururekin elkartu zen, eta Mendozarekin batera izan ziren Maria Ubarretxena, Arrasateko alkatea; Anuska Ezkurra, alkateordea; eta Joseba Muxika, Herritarren Partaidetzarako foru zuzendaria. "Udalak eta Aldundiak herritarrengandik gertuen gauden erakundeak gara, baina hala ere herritarren gehiengoak ez daki zein diren gure eskumen zehatzak edota egiten dugun lanak zertan datzan", adierazi zuen Mendozak. Landutako gaien artean izan ziren klima aldaketa, gazteen emantzipazioa eta arduradun politikoak politikara nola iritsi ziren.
Bukaeran, agiri bat osatu zuten jorratutako gaiekin eta ordezkaritza bat hautatu ere bai. Horiek, beste hamar bat ikastetxetako ordezkariekin batera, bigarren jardunaldi batean hartuko dute parte; hori, Gipuzkoako Batzar Nagusietan egingo da, eta han, saioetan jasotako ondorioak ordezkari politikoei helaraziko dizkiete.