Bakardadean ondo moldatzen da Aitor Mimentza

Xabier Urtzelai 2019ko urr. 27a, 17:18

Irabazleak bakarrik igaro du goiza. Aitor Mimentzari Oñatiko irteera puntuan inguruan jende larregi zuela irudituko zitzaion: "Lehenengo metroan egin digu ihes", adierazi du bigarren sailkatu den Unai Ibarra arrasatearrak. Elorriokoak, baina, hiru segundogatik ez du iazko errekorra ondu (37.38 egin du). Emakumezkoetan bai, hor Lourdes Colomok –irabazlea–, Nerea Etxeberriak –bigarren– eta Onditz Iturbek –hirugarren– emozio handiagoa jarri diote lasterketari, hiruren artean 20 segundoko aldea baino ez delako egon. Astelehenean, Harmailatik saioan erreportaje osoa (21:30, Goiena telebista).

Aitor Mimentzak datorren asteko Antxintxika krosean gaur baino kontrario gogorragoak izango ditu, besteak beste, David Garcia laguna ere lasterketan izango delako: "Hori beste kontu bat izan da, beti ibiltzen gara biok hortxe-hortxe", adierazi dio GOIENAri irribarre batekin. Hala, bistan da gaurko Oñati-Arrasate lasterketara Elorriokoa bakarkako lana egitera etorri dela: "Hasieratik erritmo gogorrean korrika egitea zen nire asmoa, txirrindulariek egiten dituzten erlojupekoaren antzera".

Pentsa ze azkar hasi duen lasterketa, Zubillaga eta Fagor Industrial artean dagoen biribilean 55 segundotako aldea ateratzen ziela Unai Ibarra eta Fernando Nogales arrasatearrei, eta 1.15ekoa atzetik zetorren hurrengo taldeari, alegia, Mikel Ruizi, Gorka Bizkarrari, Zorion Kareagari, Ritxar Fernandezi, eta ordura arte talde hortan eutsio dion Asier Azkarate amateur mailako ziklista arrasatearrari.

Alde hori handitzen joan da. Mimentzak Arrasateko plazan helmuga gurutzatu duenerako batek daki oraindik atzekoak non zetozen, Gipuzkoa Etorbide amaigabean. Eta atzekoak ez dira hankamotzak, azkarrak dira asfaltoan, baina Mimentza beste maila bateko atleta da: "Besteek baino gehiago entrenatzen dudala esan ohi dut, baina bai, bakoitzak bere erritmoa du, eta hor jardun behar du". Atera kontuak, 3.15era helmugaratu da bigarren sailkatu Unai Ibarra (40.53), pozarren, iaz hirugarren sailkatu eta aurten koska bat aurrera egin eta gero: "Iaz ez nuen presiorik, baina aurten nabaritu dut, bai". Ibarrak Fernando Nogalesekin egin du lasterketa erdia baino gehiago, bigarren postuaren borrokan ibili dira, baina Etxezarretatik helmugara Nogalesek gogotik sufritu du, eta bosgarren posturaino jaitsi da. Eta, atzetik aurrera berriz, Mikel Ruiz oñatiarra, lasterketa borobila egin eta hirugarren helmugaratu da Aloña Mendikoa (40.57). Azken metroetako esprinta, badaezpada, atzera begira egin du Ibarrak, gainean zuen-eta Ruiz.

Emakumezkoetan, hiru azkarrenak batera

Lourdes Colomok, Nerea Etxeberriak eta Onditz Iturbek ia elkarrekin egin dute lasterketa osoa, metro batzuetako aldea baino ez da egon. Hirurek 48 minutu behar izan dituzte Oñati eta Arrasate arteko ia hamabi kilometroak egiteko, baina Colomo Etxeberria baino 9 segundo azkarragoa izan da (48.21). Hala, Etxeberriak Erdiko plazako zuzenean aurre aurrean zuen Colomo: "Baina ez pentsa lasterketak 500 metro gehiago izango balitu Lourdes harrapatu egingo nukeenik", adierazi du Nerea Etxeberriak (48.30). Eta ez du gutxi egin bigarren postu hori defendatzen, atzetik Onditz Iturbe 11 segundotara helmugaratu da-eta (48.41). Debagoiendar azkarrena, berriz, Ainara Urrutia aretxabaletarra izan da, sailkapen orokorrean laugarren (49.29)

Hemen sailkapen osoa.

Erlazionatuak

Oñati-Arrasate lasterketa Iker Corantiren begietatik

Komunitatetik: Iker Coranti 2019 urr 28 Arrasate   Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak