Lehena moderatzaile lanetan aritu da, eta bigarrenak, kirol munduak eta negozioen munduak dituzten antzekotasunen inguruan jardun du.

"Sakrifizioa eta hobetzeko grina ezinbestekoak dira goi-mailako kirolarientzat. Baina gauza bera gertatzen da negozioen eta enpresen munduan. Bi faktore horiek gabe, nekez egingo duzu aurrera" azaldu du BNI Arrasateko presidente den Enrique Alonsok.
"Gaurko ekitaldian dena joan da ondo. Pisuzko bi gonbidatu ekarri ditugu, gure taldea zer den hobeto plazaratzeko. Gure helburua kontaktuak partekatzea da, eta zenbat eta kide gehiago eduki, orduan eta negozio aukera gehiago izango ditugu".
Bi urte beteta, taldearen argazkia
Une honetan alor ezberdinetako 20 kide daude BNI Arrasaten: aholkularitza enpresa bat, mekanizatuen enpresa bat, enpresa munduko opariak eta merchandising-a egiten dituen beste bat, aseguru agentzia bat... baldintza bakarra negozio bereko bi enpresa ez egotea da. Barikuro batzen dira Garaia Berrikuntza Gunean, 08:00etan, eta elkarri lagunduz etekin ekonomikoak lortzen dituzte.

"Aurten, gure artean trukatutako kontaktuei esker, 700.000 eurotan baloratutako negozio aukerak sortu ditugu. Eta helburua da, 2020an 800.000 eurotara heltzea" azaldu du Alonsok.
Negozio bat baduzu, eta talde horretako kide izatea nahi baduzu, bi bide dituzu: taldearen bilera batera joatea edo email bat idaztea bniaukera@gmail.com helbidera.