Julen Aranbarri: "Buelta emango diogu egoerari, ziur nago"

Xabi Gorostidi 2019ko urr. 25a, 12:23

Julen Aranbarri, Mondra taldeko kapitaina, Monterronen.

Sei jardunaldi pasata, Mondra da Ohorezko Erregional Mailako azken sailkatua, lau punturekin. Asko geratzen da, baina Aranbarrik lehenbailehen atera nahi du zulotik; mamuak uxatzeko eta taldeak mailarik onena emateko. 

Sei partidutan hau da Mondrak jaso duen uzta: garaipen bat, berdinketa bat eta lau porrot. Lehen sei partiduak jokatuta, azkenak zarete sailkapenean.

Nola dago taldea?

Ba, taldea ez dago nahiko genukeen tokian eta animoak ez daude oso altu, egia esan. Sei partidutatik bakarra irabaztea lortu dugu. Egoera ez da hain larria, kontuan izanda partidu asko geratzen zaizkigula liga amaierara arte. Zorionez, goiko taldeekiko distantziak ez dira oso handiak une honetan, baina argi dago pauso bat eman behar dugula aurrera. Eta ahalik eta azkarren baldin bada, hobeto.

Touring-en etxean lehen garaipena lortu zenuten, eta egoera bideratzeko unea zela zirudien. Aukera polita zenuten Mutrikuren aurka, etxean, baina ez zen posible izan...

Esperantza hori genuen, baina hiru puntuek alde egin ziguten. Aukerak izan genituen amaieran, baina bi aukerarekin bi gol sartzen badizkizute... zaila da.

Zer du taldeak hobetzeko?

Bai erasoan eta bai defentsan hobetzeko gauzak ditugu. Baina gauza konkretuen gainetik, uste dut jokalariok ez gabiltzala gure mailarik onena ematen ari. Ez esfortzatzen ez garelako, kolektiboki bolada ez delako ona baizik. Hor egon daiteke gauzak aldatzeko gakoa. Uste dut lortuko dugula egoerari buelta ematea; ziur nago baietz.

Esperantzarako arrazoiak ere izango dituzue...

Taldea ondo entrenatzen ari da, gogotsu. Aste bitartean gauzak ondo ditugu, eta orain hori asteburuetan errepikatzea falta zaigu. Zorte puntu hori ere beharrezkoa izaten da aldeko emaitzak izateko, eta orain arte ez dugu zorte handirik izan.

Fitxaketaren bat egiteko beharrik ikusten duzu?

Nik uste dut ezetz. Talde ona daukagu. Iaztik hona ez da aldaketa handirik izan, eta talentua duten gazteak ere sartu dira. Lanean jarraitu behar dugu, eta partiduetan, akaso, ideiak garbiago izan.

Zein mezu helaraziko nahiko zenuke?

Lasai egoteko, baina argi ere bai. Sei jardunaldi pasa dira, baina zenbat eta lehenago zulotik aldendu, denontzat hobeto.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak