Leintz bailarako X. Txistulari Eguna egingo dute zapatuan, Arrasaten

Mirari Altube Arrese 2019ko urr. 24a, 17:58

Txistulariak kalejiran, iaz, Aretxabaletan.

Aretxabaletako, Eskoriatzako, Arrasateko eta Leintz Gatzagako txistulariez gain, Bergarakoak, Oñatikoak eta Gasteizkoak ere gerturatuko dira urriaren 26an, Arrasatera. 30en bat kideko lagun taldeak herriko kaleak eta bazterrak girotuko ditu txistu doinuekin.

"Bailarako txistulariak elkar ezagutzea eta harremanak sendotzea da egun horren helburua sortu zenetik bertatik. Harreman horretatik errepertorioa zabaldu, ezagutu eta, hein baten, bateratzea gura da. Baita edozelako elkarlanerako oinarriak jarri ere", adierazi dute aurtengo antolatzaileek, Arrasateko Udalaxpe Txistulari Elkarteko kideek. 2010. urtean abiatu zuten ekimena eta txandaka antolatzen dute eguna hiru herriren artean, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Arrasate.

Hona hemen zapatuko egitaraua:

  • 11:30ean, kalejira herriko kaleetan zehar.
  • 12:00etan, otamena Leintze elkartean.
  • 13:00, kontzertua Herriko Plazan.
  • 14:30ean, bazkaria Leintze elkartean.

Leintze elkartean bazkalduko dute topaketan elkartuko diren txistulariek, eta horretarako jaso duten laguntza eskertu gura diote SUDC elkarteari, hura arduratuko delako bazkaria gertatzeaz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak