ELA sindikatuak O-BI Oinetakoak egindako zazpi kaleratze salatu ditu

Amaia Aranegi 2019ko urr. 23a, 13:44

O-BI Oinetakoak (Oskarbi) zapata dendako hainbat langilek bilera izan zuten ELA sindikatuko hainbat kiderekin irailaren 29an. Bilera horren asmoa zen enpresan jasaten ari ziren prekarietateari aurre egiteko lehen urratsak antolatzea. Handik hiru egunetara, baina, O-Bi Oinetakoak zazpi langile kaleratu zituela adierazi du ELAk eta enpresaren jarrera salatu nahi izan du.

O-Bi Oinetakoak hamaika denda ditu Gipuzkoan gaur egun, eta beste bat Bizkaian; online erosketak egiteko zerbitzua ere badu. Enpresa handitzen joan den heinean langileen lan baldintzak okerrera egin dutela diote langileek, ELA sindikatuko kideekin batera egindako agerraldian. Eta gaineratu dute lan baldintzak duintzeko antolatzen hasi diren unean, Oskarbik zazpi langile kaleratu dituela. "Zer da enpresak dioena? Arazo ekonomikoak medio ekintza hau burutzeko arrazoi objektiboak daudela".

Kaleratutako langile batzuek 15 urte baino gehiago zeramatzaten lanean. Horietako bat erosketa arduraduna da eta beste hiru Arrasateko dendetako langileak. Arrasaten bi denda zituzten eta horietako bat egun batetik bestera itxi zutela ere adierazi dute.

Horren aurrean, hainbat salaketa burutu dituzte, bide juridikoari ekinez eta lan ikuskaritzara joz. Bezeroek eta herritarrek emandako babesa eskertu nahi izan dute kaleratutako langileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak