'Requiem'-arekin, Goikobaluk ginga urteurren borobilari

Txomin Madina Milikua 2019ko urr. 20a, 18:09

Hamar eta hogei urte bete zituenean bezala, 30. urteurrena ospatzeko Mozarten 'Requiem'-a eskaini zuen atzo Goikobalu abesbatzak jendez lepo bete zen san Frantzisko elizan.

30 urte ez direlako egunero betetzen, kontzertu jendetsua eskaini zuen Goikobaluk atzo iluntzean Arrasateko san Frantzisko Elizan. Jendetsua, eliza txiki geratu zelako publiko guztia hartzeko; eta baita , musikari eta abeslari artean, 120 pertsona inguru batu zituelako: 85 abeslari ­–60 Goikobalukoak, gainerakoak urte hauetan guztietan bidelagun izandakoak– eta 35 musikari. Kantarien artean, Anuska Ezkurra, Ainhoa Zubillaga, Luis Ignazio Ruiz de Alegria eta Jesus Garcia Arejula ibili ziren bakarlari moduan.

Iñaki Maidagan zuzendariaren esanetan, obra konplexua da Requiem-a, momentu gogorra eta oso sentsibleak dituelako. Baina beste behin proba ederki gainditu zuten. "Ni gustura geratu naiz egin dugun lanarekin; eta badirudi publikoa ere baietz: amaitu eta buelta ematea, jendea zutik eta txaloka aurkitu dut". Emanaldia gainera, hunkigarria izan zen oso, asteon hil delako Jesus Mari Arce, abesbatzaren sortzaileetako bat.

Kontzertua bukatzean, bakarlariek eta zuzendariak lore sorta bana jaso zuten, eta gero, Aritzorri elkartean egin zuten mokadutxoa artista guztiek.

Azaroan, gaztetxoen txanda

Nagusien abesbatzak 30 urte bete dituen moduan, Txikien Taldeak 25 urte bete ditu aurten, eta hori ospatzeko, azaroaren 16an ekitaldia egingo dute Kulturaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak