Azken segundura arte saiatu arren, ezin garaipena lortu

Jagoba Domingo 2019ko urr. 19a, 19:38
Mondrakoak erasoan Mojategin.

Mutrikuarrek eraman dituzte hiru puntuak Mojategiko berdegunetik 1-2 irabazita. Etxekoek ez dute asmatu ate aurrean eta mutrikuarrek ostera izan dituzten bi gol aukerak sartu dituzte.

1-2 galdu du Mondrak Mojategin jokatutako partiduan. Arrasatearrek ondo ekin diote norgehiagokari, zelai erdia kontrolpean mantendu dute eta lehehengo 20 minutuetan Mutrikuko jokalariak noraezean ibili dira. Hala ere, aurkariek buelta eman diote egoerari presioa haundituz, eta min handia egin diote etxekoei atzeko lana egitea galarazi dietenean.

Mondrakoak baloi luzeak jokatzen saiatu dira baina ez dute zorte handirik izan; gol aukeraren bat edo beste izan arren ez dute asmatu Murikukoen ate aurrean. Mutrikuarrek ostera izan duten lehen gol aukera gauzatzea lortu dute eta atsedenaldira 0-1 joan dira aurretik. Ezker hegaletik ateratako falta bat atezain aurrean bakarrik errematatu du aurrelari mutrikuarrak markagailuan abantaila emateko.

Bigarren zatia ez da hobeto hasi Davilaren mutilentzat; baloia jokoan jarri eta minutu gutxira bigarren gola sartu dute kanpokoek eta min handia egin die bigarren gol horrek. Bigarren zatian zehar ideia garbi barik ibili dira arrasatearrak euren gola heldu arte. Pavonek area ertzetik egindako golak bizia eman die etxekoei eta momentu horretatik aurrera beste talde bat ikusi al izan da berdegunean. Intentsitate handiagoarekin jokatu dute, eta talde bezala eraso egiten saiatu direnean gol aukera gehiago izan dituzte. Pavonek bigarrena ere egin du; hala ere, marrazainak baliogabetu egin du jokoz kanpoa zelakoan. Azken minutuetan Arrasatekoak urduri jartzen hasi dira eta berdintzeko aukerak izan arren, ez dute asmatu azken metrotan eta hiru puntuak Mutrikura.

Bergara eta UDA, hiru puntuekin etxera

Ohorezko Erregional mailako beste bi talde debagoiendarrek arrasatearrek baino zorte hobea izan dute etxetik kanpo jokatu dituzten norgehiagoketan: Bergarak 1-2 irabazi zion atzo Ordiziari; UDA, bestalde, 1-2 gailendu zaio gaur Real Unioni.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak