Zach Kirschbaum: "Sinistuta nago MUk liga irabaz dezakeela aurten"

Xabier Urtzelai 2019ko urr. 11a, 11:32

Las Vegas (Nevada) atzean utzi eta jokalari profesional izateko etorri zen duela bi urte Zach Kirschbaum (1993) Europara. Bulgariako lehen mailan jokatzea zen hasierako asmoa, baina denboraldi-aurrean belaunean min hartu, eta denboraldia pikutara joan zitzaion. Hala, Arrasaten aurkitu du ametsagatik borrokatzen jarraitzeko leku aproposa, eta helburu zorrotzak jarri ditu bigarren urte honetarako.

Nor da Zach Kirschbaum?

Las Vegasko gazte bat naiz, familian lau anaia eta arreba bat gara, eta orain, nire familia propioa osatu dut, emaztea eta bi seme ditut eta. Nagusiak 4 urte ditu eta txikiak, 1. Sinistuta nago saskibaloi jokalari profesional izan naitekeela, eta horren aldeko apustua egin dugu familian, nahiz eta ez den erraza.

Eta nolatan iritsi zinen Arrasatera iaz?

Belauneko lesio batengatik Bulgariako lehen mailan jokatzeko asmoak pikutara joan ziren duela bi urte, eta nire agenteak gomendatuta etorri nintzen Arrasatera.

Zer aurkitu duzu Ointxe! klubean?

Klubean hasieratik sentiarazi naute oso ondo, eta maite dut hemengo jendearen izaera. Taldean oso kimika ona dugu eta sinistuta nago lorpen handiak egin ditzakegula. Talde honek liga irabaz dezake.

Galdera pertsonal bat: apustu sendoa egin duzu saskibaloiaren alde, baina ez da erraza izango etxekoak urrun izatea.

Bai, saskibaloiaren alde egindako apustu pertsonala da, eta etxekoen babes osoa dut, eskerrak horri. Baina egia da ez dela batere erraza: urte erdian familia oso urrun izaten dut, eta elkarren hutsune handia izaten dugu. Eskerrak Jainkoari Face Time izeneko aplikazioa existitzen dela! Gogorragoa izango litzateke, bestela.

Las Vegaskoa zara; antzekotasun gutxi du zure jaioterriak Euskal Herriarekin, ala?

Ez dute inongo antzekotasunik, erabat ezberdinak dira. Han oso azkar bizi gara, garaiera handiko eraikinen artean, kasino artean... Euskal Herria, berriz, leku berezia da, askoz ere ederragoa. Ez izan zalantzarik, hemen bizi izateko giro hobea daukazue.

Euskal Kopa irabazi berritan, zein da taldearen aurtengo helburua? Eta zure helburu pertsonala?

Uste dut Euskal Kopa bi urtez jarraian irabazteak erakusten duela talde honek zer lor dezakeen. Eta noski, niretako, oso berezia izan da denboraldi hasieran halako garaikur bat irabazi ahal izatea. Lehen aipatu moduan, sinistuta nago liga irabaz dezakegula, eta horrek izan behar du gure helburua. Hain zuzen, horregatik bueltatu naiz bigarren urtez Arrasatera, taldekideengan, entrenatzaileengan eta ditugun zaleengan sinisten dudalako.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak