'Iluntasuna besarkatu nuen betiko' diskoa kaleratu du Numen taldeak

Eneko Azurmendi 2019ko urr. 14a, 10:24
Numen taldeko ordezkariak. Argazkia: Oihana Garcia.

Diskoarekin batera, Lautada izoztuetan kantuaren bideoklipa ere kaleratu dute, euren lehenengo bideoklip ofiziala. Disko berriarekin eskainiko duten lehen kontzertua azaroaren 16an izango da, Donostian, Zombie jaialdian.

12 urteren ostean, disko berria kaleratu du Numen talde arrasatearrak, eta baita euren lehen bideoklipa ere. "20 urteko ibilbidean egin dugun bideoklip bakarra", azaldu du Jabo taldekideak. "Hemen inguruan grabatu dugu, mendian, eta uste dut lan txukuna atera zaigula. Jendea gustura geratu da, askok idatzi digute zoriontzen, eta orokorrean oso kritika onak jaso ditugu. Beraz, pozik gaude", gaineratu du. Era berean, aipamen berezia egin nahi izan diote Iban Toledori, "bideoklipean egindako lanagatik".

Diskoaren izenari dagokionez, Jabo-k dio orokorrean abesti guztiek dutela iluntasun puntu bat. "Gure egoera ere islatzen du, denboraldi luze baten ondoren bueltatu garelako, kobazulo batean sartuta egon ostean. Beti paganismo hori ere aldarrikatu izan dugu. Letretan agertzen den kontzeptu bat da, eta hori jartzea erabaki genuen".

Azken diskoaren ildoa jarraitzen du disko berriak, taldekidearen esanetan. "Hala ere, 12 urte hauetan asko ikasi dugu, eta disko helduagoa dela esango nuke, estruktura gehiago dauka, teknikoki aberatsagoa da, eta gaur egungo joeretara egokituta dago".

Bateria-jole barik hainbat urtez

Urte hauetan bateria-jole barik egon da taldea. "Bizpahiru bateria-jolerekin probak egiten aritu ginen. Izan ere, bizitasun handiko bateria-jolea behar izan du beti Numenek, asko exijitzen duten kantuak direlako. Gaur egun Soziedad Alkoholika taldeko bateria-jolea den Alfred Berengenarekin jo genituen kontzertu batzuk, baina gure asmoa beti izan da talde finkoa edukitzea". Azkenean, baina, lortu zuten bateria-jole finko bat: Eihar. "Gure betiko ezagun bat da, eta segidan hartu zion puntua gure musikari. Ordutik hasi gara berriro beste erritmo batean".

Aurkezpen kontzertuak, azarotik aurrera

Disko berriarekin eskainiko duten lehen kontzertua azaroaren 16an izango da, Donostian, Zombie jaialdian. Primordial talde irlandarrarekin batera joko dute, besteak beste. 

Ostean, Zaragozan ere joko dute, azaroaren 30ean. "Gero Frantziara joango gara. Gure disko-etxea frantsesa da, eta bi aurkezpen kontzertu antolatu dizkigu. Bata Nantesen eta bestea Parisen".

Datorren urtera begira, Bartzelonan jaialdi bat dute, eta Salamancan beste bat. "Horiez gain, proposamen asko ditugu, baina orain beste lehentasun batzuk ditugu, besteak beste, lana eta familia, eta ezin dugu proposatzen diguten leku guztietan jo".

Arrasaten jotzeko nahia

Arrasateko gaztetxean jotzea gustatuko litzaiekeela onartu du Jabo-k. "Zor diegu gure lagunei, ingurukoei eta Arrasateko gaztetxeari ere bai. Gure bigarren diskoa hor aurkeztu genuen, 2004an, eta ordutik ez dugu jo. Beraz, gura dugu hemengo zaleek ere aukera izatea gu ikusteko". Hala ere, aitortu dute oraindik ez dutela ezer lotuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak