Mondra ezinean: ez erasoan ezta defentsan ere (0-2)

Mireia Bikuña 2019ko urr. 6a, 19:12
Mondra-Beti Gazte partidua, Mojategin.

Beti Gazteren kontrako norgehiagokan nahi eta ezin ibili da Jorge Davilaren taldea. Mojategi gotorleku bihurtzearena ez zaie ondo atera oraingoz. "Ez gaude fin, eta gaur ikusi da. Lanean jarraitu beharko dugu", esan du entrenatzaileak.

Bi taldeak zelaian kokatu orduko aurreratu da Lesakako taldeak markagailuan. 10. minutuan sartu du gola Jon Ubiriak.  Kolpe gogorra izan da etxekoendako. Norgehiagoka hasi orduko, galtzen. Eta lehen gola mingarria izan bada, bigarrena askoz gehiago. Mondrako jokalari Aritz Arizmendiarrietak bere atean sartu du baloia. Beti Gazteren aurrelariak jaurtiketa bortitza egin du areaz kanpo, eta baloiak Arizmendiarrietaren bizkarrean jo ostean, ate barrura sartu da. 33. minutua zen. Eta hor erabaki da lehia. "Ez dugu asmatzen. Atzean erraztasun gehiegi ematen ditugu, eta golak azkar eta samur jasotzen ditugu. Eta, erasoan ere, kosta egiten zaigu", esan du Davilak.

Erasoko ezintasunaren adibide izan dira bigarren zatian Mondrak eduki dituen gol aukerak. Hainbat. Bat, oso garbia. Azken hori, Julen Telletxea atezainak, bikain desbideratu du kornerrera. 

Bigarren zatiko minutuko askotan Beti Gazten izan da baloiaren jabe. Baloia kontrolatu duena. Tarteka, kontraerasoren bat eginez. Etxeko taldeak bihotzarekin, gogoarekin jokatu da, buruarekin baino gehiago.

Mojategi, gotorleku?

Ohorezko Erregional Mailan gorengo postuetan egoteko ezinbestekoa da etxeko partidua gehienak irabaztea. Eta, hori badaki Mondrak. Iaz puntu asko galdu zituen. Aurtengorako erronketako bat horixe bera zen: etxean ahalik eta puntu gutxien galtzea. Oraingoz, ez du partidurik irabazi etxean. "Gaizki egindakoak zuzendu beharko ditugu, eta azkar gainera. Baina, ez bakarrik Mojategin, baita etxetik kanpo ere", esan du entrenatzaileak.

Hurrengo partidua Touringen kontra jokatuko du, Errenterian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak