Atsedenaldira 29-0ko emaitzarekin heltzen den partiduak, azalpen gutxi behar ditu. Bakarra: aurretik dagoen taldeak gauza gehienak ondo egin dituela. Eta, horixe izan da Arrasateko errugbi taldeak egin duena. Ondo jokatu, baliabideak ondo topatu eta puntuak egin. Zarautzen ezin izan du ezer egin horren aurrean. Lehen zati borobila jokatu dute.
Bigarrenean, abantaila handitu dute arrasatearrek, eta lehia erabakita zegoela, hainbat aldaketa egin ditu Barrutiak. Minutuak eman die ohiko jokalariak ez direnei. "Halako partiduetan bai daukagu jokalari guztiak erabiltzeko aukera, eta komenigarria da gainera. Liga bukaerara topera heldu behar dute jokalari guztiek", esan du.
Izan ere, maila igotzea dute helburua arrasatearrek, eta horretarako, derrigor bukatu behar dute liga txapelketako lehen fasea, lehenengo hiruren artean. Eta hori lortzeko, ezinbestekoa da 32 jokalarien lana eta ekarpena. "Bi lehia bakarri jokatu ditugu, eta biak irabazi. Aurtengo bidea oso ondo hasi dugu, baina etorriko dira gorabeherak, eta horretarako ere, gertu egon behar gara", esan du Barrutiak.