Izaera berreskuratzeko urtea izango da Mondraterentzat

Eneko Azurmendi 2019ko urr. 4a, 11:13

Ondo hasi du denboraldia Mondratek, lehen partidua irabazita, Tolosari (4-3). Jonathan Raso eta Josu Uribarren kantxan ariko dira berriz, eta Jon Zabala entrenatzaile postura itzuli da; izan ere, taldearen ilusioa berpiztea da asmoa.

Denboraldia etxean hasi du Mondratek, eta lehen hiru puntuak Arrasaten geratu dira, Tolosaren aurkako partidu eroaren ostean. Etzi, domeka, jokatuko dute bigarrena arrasatearrek, Sestaon, 11:30ean.

Jokalariei dagokienez, taldea mantendu egin da, oro har, eta Jonathan Raso eta Josu Uribarren jokalari eta atezain ariko dira aurten, bueltan. Bestalde, Jon Zabala entrenatzailea ere itzuli egin da, bi urte taldetik kanpo egin ostean. "Gurekin hasi zen, hiru urte egin zituen taldean, eta utzi egin zuen. Orain, berriz itzuli da", azaldu du Rasok. "Elkar ezagutzen dugu, bere filosofia guk ere partekatzen dugu, eta taldea norabide berean doa. Entrenatzailearen ideia berberak edukitzen baditugu guk ere, errazagoa da helburuak lortzea", azpimarratu du.

Jokalariak, konprometituta

Denboraldia hasi besterik egin ez den arren, partidu guztiak lehiatzea izango da arrasatearren helburua. Hala ere, bada helburu nagusiago bat: "Apur bat galduta geneukan talde izaera hori berreskuratzea, eta ilusioa berpiztea. Izan ere, azken urteetan galdu egin dugu izaera, konpromiso gutxi zeukan kanpoko jendea etorri delako, eta horrek taldea apurtu egin du, hein batean. Arrasateko jokalariek konpromisoa mantentzen dute, eta hori garrantzitsua da".

Hamabost talde daude Euskal Ligan, eta, Rasoren esanetan, "talde oso onak". "Zaila izango da aurrean ibiltzea, baina partiduz partidu joango gara, eta partidu guztiak lehiatzeko prest".

Entrenatzailea, baikor

Jon Zabala entrenatzailea baikor azaldu da, eta dio taldetik kanpo egon den bi urte hauetan asko hobetu dutela: "Maila igo egin da, jokalariak esperientzia gehiagorekin daude, eta jende gaztea ere igo da behetik".

Jokalari gehienak ezagutzen ditu Zabalak, eta Raso eta Uribarrenen itzulera ere bere eskariz gauzatu da. "Jonathanek taldea zuzentzeko proposamena egin zidanean, esan nion onartuko nuela, baldin eta bera eta Uribarren itzuliko baziren, eta hala izan da. Hirurok itzuli gara".

Emaitzei dagokienez, ez du helbururik jarri, oraingoz. "Ikusiko dugu Gabonetan non gauden  eta zer egin dezakegun".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak