Hamargarren Kooltur Ostegunak, abiatzear

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko urr. 2a, 17:37

Izaki Gardenak, Niña Coyote eta Chico Tornado, Motosierra eta the Volcanics musika taldeak izango dira, hurrenez hurren, urriko eguenetan Arrasateko gaztetxeko agertokian bihar hasita; emanaldiak 22:00etan hasiko dira, eta sarrera bost eurotan izango da.

Esperimentu moduan hasi zen Kooltur Ekintzak ekimena eguenetan kontzertuak antolatzen orain dela hamar urte, eta, harrezkero, Arrasateko zein Debagoieneko beste herrietako musikazaleentzako asteroko hitzordu finko bilakatu da.

Hamargarrena, bihar hasita

Hamargarren aldia abiatzear da, eta antolatzaileek hau diote: "Hori posible egin dute jende askoren lanak eta ekimenari babesa eman dioten guztiek". Hori horrela, hamargarrenean ere orain arteko bide beretik jarraituko dutela gaineratu dute; hortaz, jaiegun edo jai bezperetan izan ezik, eguenero izango dira kontzertuak, 22:00etan hasita, eta bost euroko sarrera ordainduta.

Hasteko, Izaki Gardenak

Martxoan Amaia antzokian izan zen Jon Basagurenek gidatzen duen Gasteizko taldea kaleratu berri zuen Dena Oskol lana aurkezten, eta oraindik ere hala jarraitzen dute, "arrakastaz" kantu berriak eta bilduma zaharragoetakoak ere zuzenean eskaintzen. "Euren sasoi onenean daude sekulako kontzertuak ematen", dio Kooltur Ekintzak taldeko Iker Barandiaranek, eta zera gaineratu du: "Pop-rock dotore-dotorea egiten dute, americana printzak ere badituena. Urteetako ibilbidearen ondoren kantu arrakastatsu eta borobilekin beti, behingoz lortu dute publiko handiaren onespena".

Bateria eta gitarra, hurrengoan

Kooltur Ostegunak ekimena barrutik ezagutzen duen –orain dela hiru urte ere gonbidatu zituzten– Niña Coyote (Ursula Strong) eta Chico Tornadok (Koldo Soret) hartuko dute urriaren 10ean gaztetxeko agertokian lekukoa. "Rock gogorra, stonerra psicodelia ukituekin egiten dute. Indarra, sentimendua, iluntasuna eta, batez ere, intentsitatea".

Atzerritik etorritakoak ere bai

Euskal Herrian birak egiten dituzten taldeei ere tokia egiten diete; horren erakusle dira urria borobilduko duten Motosierra eta Volcanics. "Uruguaiko punk-rock makarra eta gogorraren aitzindari da Motosierra; eta Australiatik etorriko diren The Volcanicsek ere ibilbide luzea du high-energy indartsua egiten. Luxua gurera ekarri ahal izatea".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak