2015-2019 agintaldiko diru banaketa, ikusgai

Xabi Gorostidi 2019ko uzt. 26a, 12:00

Udal webguneko gardentasun atarian berriki argitaratu dituzte 2015-2019 agintaldian politikariei eta alderdi politikoei egindako ordainketak, non liberatuenak ez diren ageri; alderdi bakoitzak ordainketak jasotzeko irizpide ezberdinak ditu.

Gardentasun politikaren baitan, 2015-2019 agintaldian zinegotziei eta alderdiei egindako ordainketen taula argitaratu du Udalak www.arrasate.eus webgunean.

Asignazioak eta dietak

Alderdiek eta zinegotziek bi kontzepturen arabera jasotzen dute diru publikoa: asignazioengatik eta dietengatik. Bi asignazio daude: partidu politikoko asignazioa –8.550 euro urteko zen aurreko agintaldian– eta zinegotziko asignazioa –6.840 euro–. Dietak, aldiz, bileretara joateagatik jasotzen diren ordainsariak dira. Bilera mota asko daude, eta hauek dira aurreko agintaldian ordaintzen ziren kopuruak: batzordeak –57 euro zinegotziek eta 115 euro batzordeburuek–, osoko bilkurak –57 euro zinegotziko– eta tokiko gobernu batzarrak – Gobernuko kide bakoitzeko 57 euro–. Aipatu behar da liberatuta dauden zinegotziek –sei izan ziren aurreko agintaldi amaieran– ez dituztela dietak kobratzen.

Ordainketak, alderdiz alderdi

Alderdi bakoitzak ordainketak jasotzeko modu ezberdina du, eta horrek eragiten ditu taulan dauden diferentziak. EH Bilduren eta PSE-EEren kasuan, zinegotziko asignazioak alderdiak jasotzen ditu zuzenean. EAJren, Baleikeren eta Irabaziren kasuan, aldiz, zinegotziek. Liberatuen ordainketak, kanpo Taulako ordainketak ordezkari politiko izateagatik jaso dituzte alderdiek eta zinegotziek. Baina badaude herri ordezkari izateagatik soldata publiko bat jasotzen duten politikariak; hau da, liberatuak. 2015-2019 agintaldian kopuru hauek jaso dituzte lau urtetan: Maria Ubarretxenak 262.600 euro, Ander Garayk eta Oscar Garciak 132.636 euro, Ibon Arrupek 72.948 euro, Juan Ramon Mendietak 66.316 euro eta Eneko Barberenak 47.401 euro –19 hilabetez egon zen liberatuta–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak