Sentsazio "oso onak" ligari hasiera emateko

Jone Olabarria 2019ko ira. 27a, 10:38

Aurreko asteburuan jokatutako lagunarteko txapelketako irudia.

Arrasate Rugby taldeko senior mailako gizonezkoak "gogotsu" daude Euskal Ligako bigarren maila hasteko. Aurreko asteburuan, lagunarteko txapelketa jokatu zuten, eta partidu guztiak irabazi. Ligako lehen partidura "egindako lana" erakusteko gogoz doaz.

Asteburuan jarriko da martxan Euskal Ligako bigarren mailako liga txapelketa, eta, estreinaldiko jardunaldiaren baitan, Arrasate Rugby Taldeko seniorrek Iruñeari egingo diote bisita. Zapatuko hitzordura begira, "irabazteko helburuarekin" doaz arrasatearrak, eta handik "lau puntuak ekartzea" espero dutela azaldu du Julen Barrutiak, senior taldeko entrenatzaileak.

kasturte berria prestatu eta taldearen sasoia frogatzeko asmoz, Barrutiaren mutilek hiru-ko lagunarteko txapelketa jokatu zuten zapatu arratsaldean, hilak 21, Mojategin. Hala, 20 minutuko lau partidu jokatu eta laurak irabazi zituzten arrasatearrek, Gaztedi eta Zornotzako Urgozo taldeen aurka. Txapelketan izandako sentsazioez galdetuta, "oso ondo" jokatu zutela azaldu du, jokoa "dinamikoa" izan zela, eta baloia zabaltzen "trebe" ibili zirela.

Hala ere, dena ez zen positiboa izan taldearentzat; izan ere, bi jokalarik min hartu zuten eta zelaitik erretiratu behar izan zuten lesionatuta; Oxelek belaunean hartu zuen min, eta Joseba, masailezurreko fisura batekin, Gasteizko Santiago ospitalera eraman behar izan zuten.

Ligari ekiteko "gogoz"

Aurten, bigarren mailan arituko dira Arrasate Rugby Taldeko mutilak, eta, Barrutiaren esanetan, sentsazio "oso onak" dituzte ligari begira. Orain arte egindako lanarekin "gustura" sentitu direla aitortu du, eta bai jokalariak, bai entrenatzailea "lanerako gogoz" daudela azaldu du.

Iruñearen aurka jokatzeko "prest" daude: "22 jokalari ditugu aurten. Aurreko asteburuan, bi jokalari baino ez genituen aldaketa egiteko, eta oraingoan, zazpi izango ditugu; hortaz, malgutasun handiarekin jokatzeko aukera izango dugu".

Erronka berriak

Aurten, lehen urtez gidatuko du ligan senior taldea Julen Barrutiak. Harrobiko taldeen ardura-duna izan ostean, senior taldea gidatzera salto egin du 25 urteko arrasatearrak. Hainbat urtean ARTko jokalari izan ostean, iaz utzi zion jokatzeari, eta, besteak beste, gazte taldearen eta Euskadiko 16 urtetik azpikoen entrenatzaile izan da. "Niretzat ere erronka bat da senior taldea gidatzea; errendimendu aldetik garrantzi handiagoa du, baina, momentuz, pozik gaude, bai jokalariak, baita ni ere. Seriotasunez eta gogo handiarekin gabiltza lanean aurtengo denboraldiari begira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak