Anporreta enduroaren paradisu izango da domekan

Xabier Urtzelai 2019ko ira. 27a, 09:00

Domekan egingo dute Arrasateko Enduro Lasterketaren laugarren edizioa (08:00). Aurtengoa Espainiako Openerako puntuagarria da, eta azken urteotako maila igo egingo du horrek. Lau jaitsieretako hiru publiko egin dituzte jada.

Laugarren edizioa inoiz baino indartsuago dator; izan ere, Arrasateko lasterketa Espainiako Openaren barruan egonda, domekan erabakiko dituzte sailkapen orokorretan zeintzuk izango diren nagusi. Hala, asko dago jokoan, Arrasatera etorriko direnetako batzuk Openeko proba guztietan izan dira eta: Tortosan (Tarragona), La Adradan (Avila), Mugardosen (Coruña) eta Teror-en (Kanaria Handia). Arriskatzea izango da batzuen asmoa eta orain arte batutako puntu kopurua defendatzea beste batzuena.

Anporreta, kokaleku nagusi

Antolatzaileek atzo, eguena, eman zituzten ibilbideak aditzera: "Guztira, lau zati izango ditu lasterketak, eta horietako hiru segurua da Anporretan egongo direla. Badakigu aspaldian jendea Anporretan entrenatzen dabilela, baina azken momentura arte ez dute jakingo ze jaitsiera egingo ditugun, eta egubakoitza eta zapatua izango dituzte horiek entrenatzeko. Zatietako bat, berriz, sekretupean gordeko dugu lasterketa egunera arte", dio Asier Rosadok.

Lasterketako mapa, interesa duenak wikilock aplikaziotik deskarga dezake, hemen.

Geroago eta ikusle gehiago

Urtetik urtera Arrasateko Enduro Lasterketan ikusle kopuruak gora egin izan du, eta hori ez da erraza, DHko lasterketa batekin alderatuta –jaitsieretako lasterketa– enduroan publikoak zati batetik bestera oinez joan behar du eta. Eta zatietako bat sekretupean egoteak ere ez du laguntzen: "Horregatik, ikusleei begira, mapa bat argitaratuko dugu, proba bertatik bertara jarraitu gura dutenek erreferentzia batzuk izan ditzaten, baina lasterketaren mamia Anporretan egongo dela aurrera genezake.

Asier Rosado, lasterketako antolatzailea.

Asier Rosado: "Espainiako Openean aurrean dabiltzan guztiak datoz Arrasatera"

Arrasateko lasterketako antolatzailea lanpetuta dabil egunotan, telefonotik zintzilik. Federazioko ordezkariekin detaile guztiak lotu, babesleekin hartu-emanak... Domeka eguerdian hartuko du arnasa.

Ia 200 pilotu batuko dira Arrasateko lasterketan. Kopuru polita da, ala?

Bai, ezin gara kexatu. Gainera, tartean egongo dira hamar neska, eta, iaz lau emakumezko egon zirela kontuan hartuta, gorakada nabarmena da. Egia esateko, Espainiako Openeko azken proba izanda, jende gehixeago etorriko zela aurreikusten genuen, baina lasterketa borobila egiteko kopuru polita dugu. Madril aldean lasterketa batzuetan 400 pilotu ere batu izan dira; hemen ez gara horrenbeste; kar, kar, kar.

Diozu Openean aurrealdean dabiltzanek ez dutela kalerik egingo.

Hori da, podiumaren bueltan ibiliko diren pilotu guztiak Arrasaten izango ditugu; parte-hartze kopuruaren %25 inguruan da kanpokoa, gainontzekoak pilotu euskaldunak dira.

Ikusleendako gomendiorik?

Etor daitezela Anporretara animatzeko gogoz! Baina pilotuen ibilbidean sartu barik, zintak errespetatuta, mesedez. [Lasterketako track-a deskargatzeko, hemen].

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak