Goikobaluko Gazteluaren jaia zapatuan ospatuko dute

Eneko Azurmendi 2019ko ira. 23a, 09:18

"Santa Barbara parkearen balio historiko, botaniko eta ludikoa aldarrikatzea eta berreskuratzea" izango da jaiaren helburua, festa giroan, betiere; horretarako, egitarau zabala antolatu dute herriko hainbat eragilek, Udalaren laguntzarekin.

Urteroko ohitura bihurtu da jada Goikobaluko Gazteluaren jaia, eta aurten ere ez du hutsik egingo. Izan ere, herriko hainbat eragilek egun osoko egitaraua antolatu dute hurrengo zapaturako, Udalaren laguntzarekin.

Egunari hasiera emateko, 11:30ean, Anabel Ugalde historialari arrasatearrak gidatutako ibilbidea egingo dute, Ferrerias kaleko Arotz plazatik abiatuta. Gero, 12:00etan elkartuko dira Herriko Plazan, Goikobalura kalejiran igotzeko –plazan furgoneta bat egongo da bazkari-zorroak gora eramateko–.

13:00etan, umeentzako jolasak eskainiko ditu Txatxilipurdik, eta ordu berean dantzaldia egingo dute. 13:45ean, herri olinpiaden txanda izango da, eta, gosea egin ostean, 15:00etan bazkalduko dute, Heuk eruen, heuk jan! lelopean. Hori horrela, bazkaria norberak eraman beharko du etxetik, baina antolatzaileek sagardo kupela eta taberna jarriko dituzte, SUDCen laguntzarekin.

Bazkalostea girotzeko, kantaldi herrikoia egingo dute, 15:45ean hasita, eta, amaitzean, Idoia Azurmendi musikari aramaioar gaztearen emanaldiaz gozatzeko aukera egongo da.

17:15ean, Borobileko dantzak egingo dituzte, eta haurrek zein nagusiek parte hartu ahal izango dute. Jaiari bukaera emateko, dantzaldia egongo da, 17:45ean hasita, eta 18:45ean izango da jaitsiera Arrasatera.

Antolakuntzan, hainbat talde

Hauek dira egitaraua antolatzen ibili diren talde eta eragileak: Arrasateko Bertso Eskola, Arrasate Euskaldun Dezagun (AED), Txatxilipurdi, Trikitixa Eskola, Udalaxpe, Txistulari Elkartea, Portaloi elkartea, Ttakun txalaparta taldea, Albokariak, SUDC, Lore Gazteak eta Txikitxu Arrostaitz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak