Titularreko hitzak Jon Sarasuarenak dira, eta Naroa Elortzak ekarri zituen gogora; hala laburbildu zituen txio batean, ikuskizunarekin sentitutakoak: "Musika, ederra. Eta letra, ikaragarria. Ikuskizun borobila. Zorionak proiektuan hartu duten ehunka lagunei. Omenaldi bikaina utopiaren errealista eta txikigintzaren ameslariei."
Zortzi piezako ikuskizuna izan zen, ordu eta erdi pasatxoko iraupenarekin. Fernando Velazquezek konposatutako doinuak bikain interpretatu zituzten Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikariek, eta Kukai taldeko dantzariek mugimendua jarri zioten musikari. Ikusgarritasuna koxka bat igotzeko bideo tematikoak –lana, nazioartekotzea, omenaldia, etorkizuna...– proiektatu zituzten Buesa Arenako lurzoruan, emaitza oso bisuala lortuz. Omenaldia piezan, kooperatibako sortzaileak omendu zituzten, euren irudiak proiektatuz, eta Gasteizen bildutako kooperatiba zaleak hunkituz.
Bailarako abesbatzek parte hartze nabarmena izan zuten zapatuan, oholtza gainean aritu baitziren Goikobalu Abesbatza, Ganbara Faktoria eta Hots, Aretxabaleta Abesbatza, eta Arizmendi abesbatza. Xabi Igoa bertsolariak ere parte hartu zuen, Lujanbiorekin eta Arzallusekin batera, besteak beste. Arrasateko Amaia Antzokian egindako saioaren aldean, atzoko "askoz ikusgarriagoa" izan zela nabarmendu dute Buesa Arenan egondakoek.