Etxeko sei talde aurten Pitxi Herrero torneoan

Eneko Azurmendi 2019ko ira. 13a, 10:28
Luisbel Jimenez jokalaria jaurtiketa bat egiteko gertu, iaz, Pitxi Herrero torneoan.

Gizonezkoen lau talde eta emakumezkoen bi ariko dira bihar, zapatua, Iturripen jokatuko duten torneoan; izan ere, iaz kadete mailako nesken taldea sortu ostean, aurten infantil mailako nesken taldea osatu du Arrasate Eskubaloik, hogei bat jokalarirekin.

Iaz, albiste pozgarri batekin hasi zuen denboraldia Arrasate Eskubaloik, kadete mailako nesken taldea sortu izanagatik. Hala, aurten, bide beretik ekin diote sasoiari Iturripen. Izan ere, infantil mailako nesken taldea osatu dute. "Pasa den denboraldirako, neska batzuk prest zeuden jokatzeko, eta entrenamendu batzuk egiten hasi ginen hamar neska ingururekin. Gero, Musakolako jaietan txapelketa bat antolatu genuen, eta, horren harira, neska gehiago gerturatu dira. Entrenamendu batzuk egiten aritu gara, eta dagoeneko hogei bat neska daude infantil mailan", adierazi du Josu Herrerok, Arrasate Eskubaloiko kideak. Beraz, Gipuzkoa mailan lehiatuko dira.

Bestalde, iaz sortutako kadete mailako nesken taldea ere egonkortuta dago. Beraz, etxeko sei talde ariko dira aurten denboraldi-aurreko urteroko hitzordua den Pitxi Herrero torneoan.

Hain zuzen, infantil mailako neskek jokatuko dute eguneko lehen partidua, 10:00etan, Bergararen aurka. Xabi Lizarralde eta Gari Viguera izango dira aurten taldeko entrenatzaileak.

Kadete mailako nesken txanda izango da ostean, 11:30ean, hauek ere bergararren aurka –Jon Urrutia da entrenatzailea–.

Gizonezkoei dagokienez, lau taldeek aurkari bera izango dute: Gasteizko Gure Auzune. Jon Martin eta Christopher Galan entrenatzaile dituen infantil mailako taldeak 13:00etan jokatuko du. Kadete mailako taldearen txanda 16:00etan izango da –Oscar Macias eta Aitor Iraeta dira entrenatzaileak–. 17:45ean jokatuko dute gazte mailako mutilek, Josu Herrero eta Iñaki Oyanguren entrenatzaile dituztela. Azkenik, senior mailako taldearen partidua 19:30ean izango da. Aurtengo denboraldian ere Patxi Garcia izango da entrenatzailea.

Talde nagusiak, bi baja

Biharkoa izango da denboraldiaurreko azken partidua Ford Mugarrirentzat. Izan ere, hurrengo asteburuan hasiko dute Euskadiko Senior Liga, etxean, Ilcapo Hondarribiaren aurka.

Bi baja izango ditu taldeak aurtengo denboraldirako: Asier Valle atezain beteranoa eta Oier Garitano. Bestalde, iaz fitxarik eduki ez zuen Mikel Etxegia taldera batuko da. Hala, iazkoaren antzeko taldea izango da aurtengoa. "Gazte mailako jokalariak ere pixkanaka goiko taldean sartzen joango gara, gurekin entrenatu dezaten eta ohitzen joan daitezen", dio Herrerok. Era berean, "gogotsu" azaldu da denboraldia hasteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak