MUk ez du hanka onarekin hasi Euskal Kopa, lehena galduta

Eneko Azurmendi 2019ko ira. 12a, 15:10

Luis Zuiarramendi jokalaria, Baskoniaren aurkako partiduan. Argazkia: Baskonia.

Baskoniaren aurka 84-76 galdu ostean, bigarren lehia irabazi egin beharko dute lauko finalera sailkatzeko. Bigarren partidu hori, baina, hurrengo asteburuan izango dute.

Iñaki Ogaran Arri entrenatzailea ez da gustura geratu lehen partiduak emandakoarekin. "Heldutasun puntu bat falta izan zitzaigun. Baskonia oso talde gaztea zen eta gure taldean, gazteez gain, eskarmentu handiko jokalariak ere baditugu. Horregatik, ezin gara partidu amaierara gasolina barik iritsi. Azken minutuak soseguz jokatzekoak ziren, eta ez genuen irakurketa hori egin", azaldu du.

Partidua orekatua izan zen azken laurdenera arte, entrenatzailearen esanetan, "baina bukaera luze egin zitzaigun, eta haiek kontrolpean izan zuten emaitza. Erritmoari dagokionez, partidu gogorra izan zen, baina ez zen saskibaloi partidu ona izan. Garbi geratu zen denboraldi-aurrekoa zela".

Lehena galduta, arrasatearrei zail jarri zaie Iturripen jokatuko den lauko finalerako txartela lortzea. Hiruko multzoa izanik, MUk atsedena izango du asteburu honetan, eta Baskoniak eta ZAST Zarautzek elkarren aurka jokatuko dute. Partidu horretako emaitzak baldintzatuko du sailkapena. "Bai edo bai, hurrengo asteburuan irabazi egin beharko dugu Zarautzen aurkako partidua. Hala ere, beste bien arteko emaitzak esango digu zenbat puntuko aldearekin irabazi beharko dugun", adierazi du entrenatzaileak.

Tartean, bi partidu

Zarauztarren aurka jokatu aurretik, halere, denboraldi-aurreko beste bi partidu dituzte Arri-ren gizonek. Bihar, zapatua, Loiola Indautxu taldearen aurka jokatuko dute, Bilbon, 20:00etan. Eguaztenean, bestalde, Urgatxi taldea izango dute aurkari, Gasteizen, ordu berean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak