Arrasateko kristau komunitateak atsekabea agertu du Horazio Argarateren lekualdatzeagatik

Jone Olabarria 2019ko ira. 12a, 12:41

Erabakiarekiko "guztizko desadostasuna" adierazteaz gain, Gipuzkoako gotzainak erakutsitako "interes eta gardentasun falta" eta "erabakietatik kanpo utzi izana" salatu du Arrasateko kristau komunitateak. Hala ere, Argaratek hamar urtean "herriari emandako gauza on eta ugariak" eskertu eta helmuga berrian "arrakasta" opa nahi izan diote.

Ekaina amaieran jakin zuen Arrasateko kristau komunitateak Horazio Argarate, 2009tik ordura arte Arrasateko parrokoa zena, Oñatiko parrokoa izango zelako albistea. Berriak "kolektibo sozial zabaletan eta, oro har, herrian eragin zuen harridura eta ondoeza" ikusita, erabaki hori justifikatzeko azalpenak ematea eskatu zioten Gipuzkoako gotzainari.

"Lekualdaketaren gertutasunagatik gure kezka erakutsi nahi genion, martxan zeuden proiektuen transferentzia mailakatua eta antolatua egitea proposatu genuen, proiektu horiek ez dezaten porrot egin". Gotzainak baina,  ez zuen arrasatearren eskari eta proposamenetako bat ere onartu, eta  "konfiantza izateko" eskatu zien, "hartutako erabakia positiboa izango delako".

Egoerak "atsekabetuta"

Gauzak horrela, erabaki horrekiko "erabateko desadostasuna irmo adierazi nahi dugu,  baita gure mina". Era berean, egindako ekarpenei erakutsitako "interes faltagatik" eta  "kristau komunitatea aintzat ez hartzeagatik"atsekabea agertu dute. 

Hortaz gain, gotzainaren jarrera ere salatu dute: "Ez dugu onartzen gotzainak nahi duena egitea guri eragiten diguten gaietan. Are gutxiago azken 10 urteetan Arrasatera bisita pastoral bakar bat ere egin ez duelarik. Uste dugu guk ere iradoki eta ekarpenak egin ditzakegula. Dagoeneko ez gara bizi bi kristau mota zeudela aldarrikatzen zen garaian: agintzen dutenak eta men egiten dutenak".

Esker oneko hitzak

Oñatin eskatutako aldaketen motiboak ulertzen dituztela adierazi dute eta "onena" opa nahi izan diote osasun arazoengatik erretiroa hartuko duen Josean Larrañagari. Era berean, Horazio Argarate "maite eta preziatuak" hamar urtean zehar egindako lana eskertu nahi izan dute: "Ez da kasualitatea bere lana aitortua izana, hainbeste proiektu sozial ezagunetan erakutsitako dedikazio, inplikazio eta bokazioagatik. Horaziok ereindako haziak fruitu emankorrak ematen jarraituko du luzaroan, eta bere aztarna ezabaezina izango da. Helmuga berrian Arrasaten bezainbesteko arrakasta izatea opa diogu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak