Al-Andalus elkartean lapurretan egin dute

Xabi Gorostidi 2019ko ira. 9a, 18:30
Al-Andalus elkarteko tabernaren ustiatzailea lapurrak nondik sartu diren erakusten.

Gaur 07:00ak aldera sartu dira lapurrak, sarrerako larrialdi atea indarrez zabaldu ostean. Kutxa erregistratzailea osorik eraman dute, eta tabako makina zabaltzen ahalegindu dira. Musakolako jubilatuen egoitzan ere sartu dira lapurrak: atea behartu gabe sartu dira barrura, baina ez dute ezer ostu. 

Al-andalusetik ostu duten kutxa erregistratzailea, aldean eraman dute lapurrek, eta bertako dirua hartu ostean erreka ingurura bota dute, Lidl eta BM supermerkatuen atzealdean.

Larrialdietarako atea, behartuta. 

"200 euro inguru zituen kutxa erregistratzailea eraman dute, eta ostean, apurtu. Kutxak bakarrik 600 euro balio ditu, beraz, eragin dituzten kalteak ostu dutena baino askoz handiagoak dira" azaldu du Al-Andalus tabernako ustiatzaileak. 

Kutxa erregistratzailearen inprimatzailearen kableak, arrankatuta.  

Rafael Gomez, elkarteko presidente izandakoak, azaldu du ez dela lehen aldia. "Duela hiruzpalau urte ere lapurtu ziguten. Orduan kristalak apurtu zituzten eta kalte materialak askoz handiagoak izan ziren. Ordutik hona neurriak hartu izan ditugu eta taberna barruan ahalik eta diru gutxien edukitzen ahalegintzen gara". 

Jubilatuen etxean ere

Al-andalus alboan dagoen Musakolako Jubilatuen Etxean ere sartu dira bart gauez, baina ez omen dute ezer lapurtzerik lortu. "Alarmak jo duelako konturatu gara, baina bertaratu garenean ez dugu ezeren falta sumatu. Telebista pixka bat desplazatuta zegoen, baina besterik ez" azaldu du elkarteko presidente Fernando San Miguelek. 

Hala ere, aipatu du ez dutela atea behartu, eta horrek zalantzak piztu dizkiela: "Agian elkarteko giltza duen norbait izan da, atea ez baitzegoen behartuta; edo tresna oso sofistikatu bat erabili dute, edo elkarteko giltzak dituen norbait izan dela uste dugu". 

Sara jatetxean, duela bi aste

Abuztuaren 27an Sara jatetxean lapurretan egin zuten. Ordenagailu bat, makina-inprimatzaile bat eta 1.000 euro inguru ostu zituzten, eta tabako makina zabaltzen ere ahalegindu ziren. "23 urte daramatzagu hemen, eta lehen aldia da lapurrak sartzen direla. Atzealdetik sartu ziren, hainbat ate indarrez ireki ostean, eta 1.000 euro inguru ostea lortu zuten: 800 kanbioetarako genituenak, eta beste 200 zerbitzarientzako daukagun itsulapikotik" azaldu du Sara jatetxeko arduradunak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak