Hamar ekarpen aurkeztu dizkiote Arrasateko alde zaharra eraberritzeko plan bereziari

Mirari Altube Arrese 2019ko ira. 9a, 16:02

Orain dela urtebete ekin zion Udal gobernuak Arrasateko Alde Zaharra Barne-Eraberritzeko Plan Bereziaren aldaketari (PER), eta helburu horrekin parte-hartze prozesu bat jarri zuen abian. Plan berezi horri aldaketak proposatzeko epea zabaldu zuen martxoan eta gaur jakinarazi dute hamar ekarpen jaso dituztela.

Arrasateko alde zaharra biziberritzea duela helburu Plan Bereziaren aldaketari heltzeak adierazi du Ibon Arrupe zinegotziak, "horrek eragin handia duelako han bizi direnenengan zein merkataritzarengan". Alde zaharrak monumentu historiko izendapena duela kontuan hartu behar dela aipatu du, eta hain zuzen horri esker mantendu dela gune historikoa hain egoera onean.

Hori horrela, herritarren iritzia jakin nahian parte-hartze prozesua zabaldu zuen martxoan eta ekainean bukatu zen epea. Hamar ekarpen jaso dituzte eta zeintzuk diren azaldu gaur; hona hemen:

  1. Maalako errebalean eraikin berrietan miradoreak jarri ahal izatea, gaur egun balkoiak bakarrik onartzen direlako.
  2. Zeharkale Estalia egokitua egitea. Genero ikuspegitik oso kale gordina da, irisgarritasun arauak ez ditu betetzen eta asteburuetan batez ere pixa leku bat da.
  3. Lur azpiko garajeak eta sotoak onartzea.
  4. Maalako errebalean, lau solairuko eraikinez inguratutako hiru solairuko eraikina botatzen bada, eraikin berria ingurukoak bezala lau solairukoa egitea baimentzea.
  5. Ibai-Artek eskatzen du erakusleihoen egituraketa irizpideak malgutzea. Gune konkretu batzuetako dendei, toldoa jartzea baimentzea.
  6. Iturriotz kaleko eraikin baten fitxan, bajuari dagozkion eskakizunetan aldaketa batzuk burutzea.
  7. Ferrerias kaleko eraikin baten fitxan, karkabari dagokion eskakizuna aldatzea.
  8. Biteri plazara ematen duten balkoietan toldoak jartzea baimentzea.
  9. Olarte kaleko eraikin baten interbentzio izaera aldatzea.
  10. Fibra optikoaren zabalkundea fatxadetatik egiteko aukera onartzea.

Proposamen horiek guztiak Hirigintza Aholku Batzordeak aztertuko ditu, eta ondoren, Eusko Jaurlaritzari jakinarazi dio. "Dena den prozesua martxan dago eta Plan Bereziaren aldaketa aurrera doa. Batik bat, alde zaharrari bultzada emateko eta biziberritzeko beharrezko pausoa dela uste dugu", adierazi du Arrupek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak