Lehenengo zatian partidu motela jokatu dute Eibarrek eta Mirandesek. Bakoitza bere kategorian, ezin esan bi taldeetako inork liga ondo hasi duenik. Gaurko lagunartekoa ligako etenaren aurrean erritmoa ez galtzeko baliatu dute Andoni Iraolak eta Jose Luis Mendilibarrek, eta seguru Athleticeko jokalari ohia Zaldibarkoa baino lasaiago erretiratu dela aldageletara.
Kontuak kontu, Atxabalpera gerturatutako zaleek gol bakarrarekin gozatu ahal izan dute markagailuak 45. minutua erakutsi aurretik. Penaltiz egin du gola Mirandeseko Alvaro Reyk, nahiz eta Yoel atezainak intentzioa iragarri dion (0-1).
Bigarren zatiaren hasieran ez da aldaketarik egon. Eibar gehiago estutzen hasi da, baina gol aukera garbi barik. Hala, ezustean, Mirandeseko Merquelanz-ek ezker jaurtiketa ona eginda lortu du 0-2koa. Eibarri maldan gora jarri zaio partidua. Azken minutuetan ordura arte erakutsi ez duten lehiakortasuna erakutsi dute, eta gorago presionatuta Mirandes itotzea lortu dute. Hala, Escalantek tartea txikitu du 79. minutuan, ezker hegaletik egindako jokaldiaren ondoren baloia saretara bidalita, eta 85. minutuan Sergi Enrichek egin du 2-2koa.