Hamaikagarren aldia du irailaren 6an abiatuko duten musika zikloak, eta, Arrasaten inoiz izan ez diren musikariak eta taldeak izango diren arren, oinarrian, aurrekoen bide beretik prestatu dutela dio Udaleko Kultura Saileko teknikari Karmelo Alberdik: "14.000 euroko aurrekontua du, iazko bera, eta oraingoan ere publiko ezberdina asetzen saiatu gara. Ordu eta erdi inguruko sei kontzertu izango dira, Kulturateko areto nagusian, jarrita entzutekoak eta doako sarrerarekin. Akustikoa dauka zikloak ezaugarri nagusi, baina badira elektronikatik gertu dauden bi proposamen ere".
Hasteko, Galiziako laukotea
Ahotsen harmoniarekin "ederto jolastuz" eta umorea ezinbesteko osagai dutela, izen handia ari da lortzen Galiziako De Vacas laukotea, Alberdiren esanetan: "Iaztik fitxatuta genituen, oso kritika onak dituztelako. Umorezko saioak egiten dituzte, ikuspegi feministatik eta nahiko lotsagabetik abiatuta".
Euskal Herriko bi proposamenekin borobilduko dute lehenengo asteburuko eskaintza: "Bilboko Hakima Flissi, iazko Gaztea maketa lehiaketa irabazi zuena, izango da zapatuan, DJ batek lagunduta. Musika lasaia da, eta, aldi berean, berritzailea ere bai. Domekan, Iparraldeko Lumi izeneko bikoteak ere elektronika estiloa gerturatuko du Kulturatera".
Popa eta folka, bigarrenean
Mikel Inuntziaga zornotzarrak gidatzen duen Inun egitasmoak zabalduko du bigarren asteburua, irailaren 13an. "Talde formatuan ekartzea zen gure asmoa, baina, agenda kontuak tarteko, biko formatuan eskainiko du Inuntziagak tronpeta-jole bat lagun duela pop estiloko emanaldia".
Zikloa borobiltzeko, folk doinuak bestelako estiloekin nahastuta izango dira entzungai hurrengo egunetan: Gaztelako Los Hermanos Cubero eta Madrilgo Club Del Rio taldeen eskutik.