Munduko Txapelketan izango da Nere Arregi irailean, Errumanian

Xabier Urtzelai 2019ko uzt. 25a, 09:23

Nere Arregi, iaz, Kroazian egindako 100 kilometroko proban. Lasterketa ondo amaitzea lortu zuen.

Zapatutik hasita, hamar egunez Espainiako selekzioko kideekin kontzentratuta egongo da Sorian. Duela hiru hilabete atzamarrean egindako ebakuntza batetik errekuperatzen dabil arrasatearra.

"Ez dut Munduko Txapelketa nahi moduan prestatzeko astirik, eta ez naiz horregatik itsutuko, baina nire partetik dena emango dut", dio Nere Arregi atletak. Izan ere, Arrasatekoak ez ditu hilabete goxoak izan, eta irailaren 1ean Errumanian (Brasov) izango duen hitzordua [50 kilometroko Munduko Txapelketa] azken asteotako kalbarioa ahazteko baliatu gura du: "Orain justu hiru hilabete ebakuntzagelan nintzen, atzamarrean ebakuntza egiten [falangea galdu zuen lan istripuan], eta ez naiz ondo errekuperatu. Bigarren ebakuntza egin zidaten min handia nuelako, eta sendaketetan bizi izandakoa ez diot inori desio".

Hala ere, Errumanian egoteko gutxieneko marka izanda, ez dio mundialaren hitzorduari muzin egin gura: "Iaz 100 kilometrokoan bizi izandako esperientzia ederra izan zen. Gainera, aurten, lehenengoz, ultramaratoiko taldea sortu dute Espainiako selekzioan". "Distantziari begira, akaso, orain gehiago komeni zait distantzia oso luzeko proba bat, azken batean, 50 kilometroan erritmo azkarragoetan ibili beharko dudalako eta ez dudalako hori behar den moduan prestatzeko astirik; 12 aste egingo ditut entrenatzen, ez gehiago. Hala, badakit ez dudala nire markarik onena egingo [Santanderren, iaz, 3.38 egin zuen distantzia berean], baina burugogorra naiz.

Hitzordua prestatzeko selekzioko kideek bihartik hasita 10 egun egingo dituzte Sorian, garaieran entrenatzen: "Ondoren Arrasatera bueltatuko naiz pare bat egunez eta gero nire kontu Soriara itzuliko naiz garaierako entrenamendu saioekin jarraitzera. Emaitza ona emango didatela espero dut, baina hori inoiz ez dago jakiterik, gorputzak ondo asimilatu behar duelako garaieran entrenatzea, eta ni ez nago horretara ohituta. Esandako moduan, baina, esperientziaz gozatzea da helburua".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak