Padel pistak berritu ostean, kirol inbertsio gehiago

Xabi Gorostidi 2019ko uzt. 23a, 17:31
Urdin koloreko belarra jarri berri dute padel pista berrituetan. (Argazkia: Arrasateko Udala)

Padel pistak ixteaz eta belarra berritzeaz gain, Uarkapeko kristaletan biniloak jarri dituzte egun eguzkitsuetako beroa arintzeko. Hurrengo inbertsioak honakoak izango dira: Iturripeko kantxako marrak margotzea eta ur bero sanitarioa hobetzea, eta Antoñako kantxan saskibaloi saski gehigarri bat jartzea. Kirol inbertsio hauetara 62.862 euro bideratu ditu Udalak.

Hona hemen gaiari lotuta Udal Gobernuak bidalitako oharra, bere osotasunean:

"Arrasaten oro har gero eta herritar gehiagok egiten dute kirola, horrenbestez, ehunka lagun igarotzen dira egunero herriko kiroldegi eta kirol espazio ezberdinetatik.

Hori horrela izanik, hasi berria den 2019-2023 legealdi honetan ere, herriko kirol azpiegitura zein instalazio eta materialak hobetzen jarraitzea lan ardatz zein helburutzat du gobernu taldeak eta bide horretan, hain zuzen, uda sasoia
aprobetxatuz, hainbat hobekuntza lan burutu ditu. 

Musakolan esate baterako, padel pistako belar artifiziala aldatu du. Lur berriak hare gutxiago behar du eta horrek eragin zuzena du pilotaren botean, bote hori nabarmen hobetuz. Horrez gain, arrasatearrek egindako eskaerari erantzuna emanez, pista bera itxi egin du, egun euritsuetan ere erabilgarria izan dadin.

Ildo beretik, Uarkapeko kristaletan, hain zuzen, bigarren ikastaro gelan eta gimnasioko albo batean, binilozko laminak jarri ditu, kasu honetan egun eguzkitsuetan aipatu bi espazioetan sortzen den beroa apaltzeko. Eta berrikuntza zein inbertsio berriei helduz, datozen asteotan ere hobekuntza lanak egiten jarraituko du Udalak, hain zuzen Iturripen eta Antoñako kantxan.

Lehenengo kirol instalazioari dagokionez, abuztuko lehen bi asteetan kiroldegia itxi eta ur-bero sanitarioa berritzeko lanak egingo ditu. Itxialdia ere bertako zoruko marrak pintatzeko aprobetxatuko du.

Amaitzeko, Antoñako pistan saskibaloi kanasta gehigarri bat eta babesleak ere jarriko ditu Udalak bertako horman, erabiltzaileak babestu eta haien segurtasuna bermatzeko.

Lan horiek guztietara 62.862,60€ bideratu ditu Udalak eta helburu dute herriko kirol espazio zein instalazioak hobetu eta horiek egungo beharretara egokitzea, arrasatearrei kirol zerbitzu zein azpiegitura egokienak eskaintzeko".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak