Merkatarien eskutik, blues musika gozagarri

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko uzt. 19a, 13:25

Ibai-Arte Merkatari eta Zerbitzu Elkarteak, herriko tabernariekin eta Udalarekin elkarlanean, Arrasate Blues jaialdia antolatu du; hamaika kontzertu, haurrentzako ekintzak, argazki lehiaketa, herriko artisten mural-margotzea eta gehiago, asteburuan.

Eguraldi ona egiten duenean, jendeak alde egiten du Arrasatetik, eta, ondorioz, antolatzen diren ekitaldietan ez da beti aurreikusi edo gura den besteko jenderik batzen.... eta hori ikusita, zergatik ez dugu musika aitzakia hartuta egitarau sendo bat antolatzen?', pentsatu genuen, eta hala sortu dugu Arrasate Blues jaialdia", azaldu du Ibai Arteko presidente Jon Apraizek.

Tabernariek ondo hartu zuten proposamena, eta uztailaren 4an estreinatu zuten egitaraua, Taupa tabernan, Blas Picon&The Junk Express taldearen kontzertuarekin, eta Kajoi tabernan eskaini zuen Fredi Pelaez Triok, uztailaren 9an, bigarrena. Asteburuan, berriz, musika eskaintza zabala izango da hamar tabernatan izango dira zuzenekoak –horien artean herriko musikariak ere bai–, eta Udalaren eskutik, Herriko Plazan The Allnighters taldeak joko du bihar, zapatua.

Herriko elkarteekin elkarlanean

Gaur hasi eta domeka bitartean egingo duten Arrasate Blues-ek, musikaz gainera, osagai gehiago izango dituela azaldu du Apraizek: "Haurrentzako, adibidez, Ibai Txiki Blues Eguna izango da bihar, eta, horretarako, Atracciones Sanz-en eta Kids&Us herriko ingeles akademiaren laguntza izan dugu. Artgazki elkartearekin batera lehiaketa antolatu dugu. Jaialdian egindako argazkiak izan behar dira, edozeinek har dezake parte, eta uztailaren 25eko 22:00ak aurretik bidali behar dira. Parte hartzeko orria Ibaiarte.eus atarian dago. Era berean, herriko hainbat artistak ere bat egin dute jaialdiarekin, eta hainbat kontzertutan muralak margotuko dituzte. Guztion artean erakutsiko dugu herrian ere badagoela non gozatu".

2.500 txartel banatu dituzte

Ibai-Arteko dendetan erostearen truke, jaialdian doako edariak lortzeko opari-txartelak arrakastaz banatu dituzte bi astean.

Arrasate Blues jaialdiaren egitaraua

Uztailak 19

  • 19:00 Kritikal Latin Blues taldea, 1990 Gastrotekan.
  • 23:00 The Song taldea, Aterpe tabernan.

Uztailak 20

  • 12:00 Mario Fernandino musikaria, Monte tabernan.
  • 13:30 Blues Deluxe taldea, Kajoi eta Itzala tabernen artean.
  • 17:00 Ibai-Txiki Blues Eguna –haurrentzako ekintzak–: Kia ukelele-jolearen kontzertua; apar festa; aurpegiak margotzeko tailerra eta Twistter erraldoia, Biteri plazan.
  • 19:00 Aldakan taldea, Kajoi eta Itzala tabernen artean.
  • 21:00 Leike taldea, San Andres auzoko Tantaka tabernan.
  • 22:30 The Allnighters taldea, Herriko Plazan.

Uztailak 21

  • 13:00 Garcia del Val taldea, Ezkiña tabernan
  • 19:00 Jose Barrio Quartet taldea, Herriko Plazan.
  • 20:00 Jim TNT musikaria, Taupa tabernan.
  • 21:00 Scarecrows taldea, Aterpe tabernan.

Oharra: Informazio gehiago, Ibaiarte.eus atarian.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak