Lurraldekako txapelketekin batera etorri zen Gipuzkoako txapelketa lehenengo –azken bi urteetan Jon Iriartek irabazi du–, eta Euskadikoa gero –Gorka Tornos soraluzetarra nagusitu da aurten–. Domekan, berriz, Espainiako Txapelketa hasiko dute Arangoitin, Lumbier inguruan, eta aurretik aipatutako izenekin batera Amillenako Casti ere irteera puntuan izango da: "Gehienez, 125 piloturendako tokia dago, eta plazen %20 nazioartetik datozen pilotuendako gordetzen dute. Horrenbestez, txapelketan esku hartzeko urteko rankingean batutako puntuak kontuan izaten dituzte", dio Iriartek.
Txapelketan zazpi txanda izango ditu: "Gure kirolean eguraldiaren menpe gaude, eta ikusteko dago zazpi txanda horietatik zenbat egin ahal izango ditugun: euria egiten duen, ze haize dabilen... Halakoak erabakigarriak dira. Hala, berez, egun bakoitzeko txanda bat egingo dugu".
Irteera, ikusgarria
"Txanda bakoitzaren aurretik, batzarra izaten dugu antolatzaileekin, breafing-a deritzona, eta denok mendi magalera igotakoan hasiko dugu proba. Irteera ikusgarria izaten da; pentsa, 125 parapente elkarrekin hegan. Gutako bakoitzak GPS gailu bat izaten du, eta balizekin osatutako zirkuitu bat ahalik eta denbora laburrenean betetzea da helburua. Proba ondoren, GPSak grabatu duen track-a – ibilbidea– antolatzaileei pasatzen diegu, guk egindakoa egiazta dezaten".
Parapente ezberdinak
Txapelketan bi parapente mota egongo dira: "Eta kategoria ere horren araberakoa da. Aurrean dabiltzanek lasterketetako parapenteak erabiltzen dituzte, azkarragoak dira, baina pilotatzeko zailagoak. Gureak erosoagoak dira, baina ez dira horren azkarrak".
Amillena taldean hainbat sari
Debagoieneko Amillena taldean 24 lagun daude gaur egun federatuta: "Gure artean hainbat txapelketa ditugu, Kurtzebarritik irtenda nor iristen den urrunago, esaterako, edo nork egiten duen urteko hegaldi luzeena. Espainiako Txapelketara klubeko bi kide bakarrik joango gara baina lurraldekako txapelketetan saltsa polita izaten dugu", dio Iriartek.