"Bazkaria gaizki atera zen, eta barkamena eskatu dugu; baina beste guztia primeran joan da"

Xabi Gorostidi 2019ko uzt. 15a, 16:28
Atzo, domeka, egin zuten erretiratuentzat bazkaria, Makatzenako pilotalekuan.

Santa Marinako Jaiak ospatu dira asteburuan, eta sare sozialetan polemika piztu da erretiratuen bazkariaren harira. Herritar batek "lotsagarritzat" jo zuen bazkaria eta baita jaien antolakuntza bera, baina post horretan iritzia eman duten gehienek –100 erantzunetatik gora izan ditu– babesa eta zorion mezuak helarazi dizkiete jaietako antolakuntzan aritu diren gazteei. 

Polemika piztu zuen komentario horren aurrean, antolakuntzakoek mea culpa batekin erantzun zuten sare sozialetan, eta GOIENAri adierazi diote erretiratuei bi aldiz eskatu zietela barkamena momentuan bertan. "Hainbat akats egin genituen, eta ez daukagu arazorik hala izan zela aitortzeko. Ez genuen mantelik jarri, eta ogia eta zapiak berandu heldu ziren. Baina mahairik mahai joan ginen barkamena eskatzera, eta opari banaketa egin ostean ere berriz eskatu genuen barkamena. Erretiratu batzuek esan ziguten bazkaria ez zela ona izan, baina bazkariko beste osagaiekin –txaranga eta opari banaketa– gustura zeudela". 

Aipatu beharra dago, catering enpresa bat kontratatu beharrean jai batzordekoak aritu zirela bazkaria antolatzen. "Bazkaria auzoko jatetxe batean enkargatu genuen, eta bestea guztia gure kabuz zen: mahaiak, aulkiak, zapiak, ogia, janaria zerbitzatzea..."

Bazkariari buruzko kexa jarri zuen herritarrak ere aipatzen zuen antolakuntzako kideak "lo geratu zirela alkatetzako giltzak gainean edukita". Horri buruz zera adierazi dute antolatzaileek: "Domeka goizean kideetako bat lokartu egin zen eta txarangako kideek ordubete itxaron behar izan zuten alkatetzara sartu ahal izateko. Horrelako gauzak gertatu egin daitezke, eta momentuan barkamenak eskatu genizkien kaltetuei". 

Jasotako babes mezuei buruz zera adierazi dute antolakuntzakoek: "Ikaragarria izan da zenbat jendek eman digun euren babesa. Ez sare sozialetan bakarrik, aurrez aurre jende askok eskertu baitigu egindako lana". 

Lagun ugari, zapatuko Krosskoren ikuskizuna jarraitzen. (Argazkia: Jai Batzordea).

Jaiak, "espero baino hobeto"

Orokorrean, "jaiak espero baino hobeto" atera direla adierazi dute antolatzaileek, batez ere, "Makatzenako jendea asko inplikatzea" lortu dutelako. "Ahalegindu gara jaiak Makatzenara ere eramaten, eta, adibidez, bertako frontoian jarri ditugu haurrentzako puzgarriak eta auzo-bazkaria. Makatzenako lagun asko gerturatu dira festetako ekintzetara, eta horietako askoren laguntza jaso dugu. Auzo bazkari ostean, adibidez, gauzak batzeko orduan jende ugari aritu zen guri laguntzen, eta hori eskertzekoa da, benetan". 

Makatzenako hainbat lagun bazkariko aulkiak batzen laguntzen. (Argazkia: Jai Batzordea)

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak