Urpeko arkeologia eta aquagym familian, zapatuan, Musakolako igerilekuan

Maialen Regueiro 2019ko uzt. 9a, 12:10

Arrasateko udalak ur ekintza bereziak antolatu ditu, zapatu honetarako, Musakolako kanpoko igerilekuan izango direnak. Gaztetxoek adibidez, urpeko arkeologia ezagutzeko aukera izango dute eta aquagym familian adin guztietako herritarrei zuzendutako beste ekintza izango da.

Urpeko arkeologia

Ekintza honek helburu didaktikoa du, gaztetxoei zientzia dibulgatzea, hain zuzen ere. Era horretan, parte hartzen dutenek ekintza hasi aurretik, arkeologoen eskutik azalpenak jasoko dituzte eta ondoren, urpetik pieza arkeologikoak hartu beharko dituzte. Azken batean, ekintza honen bitartez, gaztetxoek pieza arkeologikoak nola bildu eta sailkatzen diren ikasiko dute.

Zapatuan, bi txanda egongo dira –bi orduko iraupenekoak– ekintza honetan parte hartzeko, txanda bakoitzean 36 neska-mutiko arituko direlarik. Lehenengo txanda 11:00etan hasiko da eta bigarrena berriz, 16:00etan.

Izen-ematea

Ekintza honetan parte hartzea doakoa da, baina aurrez izena ematea komeni da, horretarako azken eguna uztailaren 12a izango delarik. Ekintza hau zortzi urtetik gorakoentzat izango da eta igerian eta urpean ibiltzen jakitea ezinbestekoa izango da. Hala, parte hartu nahi dutenek, Musakolako kiroldegiko harreran eman beharko dute izena.

Aquagym familian

Urpeko ekintzaz gain, Arrasateko udalak herritar guztiei zuzendutako aquagym ikastaroa ere eskainiko du zapatuan, Musakolako igerileku ertainean. Ekintza hau 11:30etan hasiko da eta musikaren laguntzaz, parte-hartzaileek gimnasia klasea jasoko dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak