Duela urtebete inguru hasi zen Leike taldea sustraitzen, Urkia anai-arrebak eta Gallastegi proiektu bat abiatzeko asmoz elkartu zirenean. "Musikalki elkar ezagutzen eta nolako proiektua martxan jarri pentsatzen aritu izan gara, ze gustu ditugun, ze gura dugun bakoitzak, eta abar", azaldu du Olatz Urkiak. Azken honen konposizioetatik abiatuta, abesti batzuk sortzen hasi ziren, eta 2018ko azaroan Jaime Lizaranzu batu zen. "Lehen entsegu bat egin genuen berarekin, ikusteko ea gustatzen zitzaion gu egiten ari ginena, eta hala izan zen. Beraz, entseguak egiten eta proiektu berri honi forma ematen hasi ginen".
Urkiari zaila egiten zaio egiten duten musika estilo batean deskribatzea. "Esan dezaket blues oinarri bat daukala, baina beste kutsu bateko doinuak ere baditugu. Blues tradizionalaz gain, swing edo funk erritmoak ere baditugu".
Gitarra-jolearen esanetan, hasieratik garbi izan dute euskarazko proiektu bat izan behar zela, eta halaxe izaten ari da. "Jaime oso blues-zalea da, bere proiektu propioa ere badauka, baina gazteleraz edo ingelesez abesteko joera dauka. Hori dela eta, berarentzat, erronka bat izaten ari da euskaraz abestea, baina onartu egin du". Momentu hauetan, zortzi abesti dituzte. "Nire ideia musikalak dira, gero lokalera eraman eta guztion artean osatzen ditugunak. Letrak, berriz, Jaimerenak dira", azpimarratu du Urkiak.
Lehen kontzertua
Proiektu hasi berria izanik, Arrasatekoa izango da Leike taldearen lehen kontzertua –uztailaren 20an Tantaka tabernaren kanpoaldean, 21:00etan–, eta Urkia pozik azaldu da Arrasate Blues bezalako jaialdi batean parte hartzeko aukera izateagatik. "Taldea ezagutzera emateko aukera polita da. Bestalde, herri mailan horrelako blues jaialdi bat egitea oso ondo iruditzen zait. Izan ere, badago harrobi bat. Arrasaten punk eta oi! estiloak nagusitu dira orain arte, baina, horiez gain, badaude beste estilo batzuk ere", dio.
Emanaldiari dagokionez, askotarikoa izango dela aurreratu du: "Gure errepertorioa animatua da, kutsu ezberdin asko ukitzen ditugu, eta kolore askotako musika eskainiko dugu".
Disko bat ateratzeko asmoa
Aurrera begira, disko bat ateratzea da taldearen asmoa. Hala ere, ez dute presarik. "Zailtasunak ditugu astean behin elkartzeko ere. Beraz, diskoarena pazientziaz hartu beharko dugu".